Gipuzkoako Foru Aldundiak bizkar eman dio Bizikletari

Hainbat hedabidetan agertzen ari diren Gipuzkoako Foru Aldundiaren adierazpenak batzuek zalantzagarriak oso, eta aldundiak Bizikletarekin hartutako konpromisoak behin eta berriz hausten dituela ikusita , Kalapie (Donostia), Balazta (Irun – Hondarribia), Gurpilartea (Errenteria) eta Txirrinka (Oñati) Behean sinatzen duten hiriko txirrindularien elkarteek ohar hau helarazi nahi diete herritarrei:

Txirrindularien kolektiboek bide luze eta neketsua egin dute bizikleta Gipuzkoako udalerrietako agenda politikoan eta erakunde-eremuan txertatzea lortzeko.

Hainbat ekimen sozialek 30 urte baino gehiago daramatzate Gipuzkoan tokiko administrazioak sentsibilizatzeko lan egiten, eguneroko txirrindularitza mugikortasun iraunkorraren funtsezko euskarri gisa onartuz, autoaren neurriz gaineko erabileraren aurrean, bizikleta alternatiba nagusi bihur dezaten.

Ahalegin etengabe honi esker, udaletako arduradun politikoak pixkanaka sentsibilizatzea lortu da, eta horrek bizikletaren erabilera sustatzeko, bizikletentzako aparkalekuak zein bidegorriak sortzeko, eta abarretarako programa eta zerbitzu ugari abiarazi ditu.

Aldi berean, 2000. urtetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat arau, plangintza-agiri eta parte-hartze organo egituratzen hasi zen, lurraldean bizikleta-politika baten oinarriak ezartze aldera. Horien artean nabarmentzekoak dira Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) eta Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia.

LPSak aurreikuspenen arabera 2021ean amaituko den Gipuzkoako bizikleta-bideen hiriarteko sarea planifikatu zuen, egutegia eta programazio ekonomikoa ezarriz. Asko luzatu zen tramitazio baten eta parte-hartze publikoko hainbat faseren ondoren, lurralde-antolamendurako tresna hau 2013an onartu zen aho batez Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Bestetik, erakunde publiko eta sozialak nahiz herritarrak barne hartu zituen prozesu baten ostean prestatu zen 2014-2022 Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia aho batez onartu zuen Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak. Estrategiak bizikleta-mugikortasuneko foru politikaren zortzi urterako ibilbide-orri osoa definitzen du, helburuak, ardatz estrategikoak eta lan-programak ezarriz, Gipuzkoa bizikletaren erabilera normalizatzeko parametro europarretan kokatzeko helburuarekin.

Gizartearen eskaera eta erakundeen ahalegina direla bitarte, Gipuzkoan, eguneroko txirrindularitzak hazten jarraitzen du urtero.

Harrigarria badirudi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ibilbide itxaropentsu hau gainbeheran egon da 2015etik aurrera, egungo Foru Gobernua eratu zenetik.

Aurrekontuak borondate politikoaren isla badira, Aldundiaren kasuan, egiaztatu dugu hartutako konpromisoak ia desagertzera arte urtzen joan direla. Hala, Bizikleta Bideen LPSak aurreikusi zuen eta inoiz bete ez den urteko 14,5 milioi euroko batez besteko inbertsioa, 2015ean 6 miloi eurora, 2016an 2,3 milioi eurora, eta 2017an 1,8 milioi eurora murriztu da. Horrez gain, honako gertaera kezkagarri hauek antzeman ditugu: ohiko gastuaren eta bizikleta sustatzeko diru-laguntzen murrizketa, 2016rako Estrategia Kudeatzeko Plana prestatu ez izana, eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak plana indarberritzeko eta dinamizatzeko egindako prozesuaren ondorioak bazter utzi izana.


Biraketa ikusgarri hau, kezkagarria ez ezik, Aldundiak bere herritarrekin hartutako erantzukizun politikoen burla larria da. Eta bereziki mingarria da foru aurrekontuek, eta baita Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu Sailaren aurrekontuek ere (haren ardurapean baitago bizikleta-mugikortasunaren arloa), denboraldi horretan gora egin baitute.

2016ko aurrekontu-beherakada gogorraren inguruan, Mugikortasuneko foru diputatuak adierazi zuen, Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluaren aurrean, zifra horiek ez zirela bere gustukoak eta konfiantza-boto bat eskatu zuen; antza, gogor lan egiteko asmoa zuen, hurrengo urteetan, zifra horiek igo ahal izateko. 2017an bizikletari egokitutako foru aurrekontuak berriro ere murriztu direla ikusita, atera dezakegun ondorio bakarra da diputatuak bere hitza hautsi duela eta, hortaz, bizikleta-mugikortasuna mespretxatzen duela.

Egoera hori are gehiago ilundu eta larriagotu egin zen, 2016ko abenduan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Aldundiari Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia, helburuak eta ekimenak “egoera sozioekonomiko berrira” egokituz, eguneratzeko eskatzeko ebazpena onartu zutenean. Tamalez, ez dugu ulertzen zer adierazi nahi duten “egoera sozioekonomiko berrira” egokitzeko beharraz hitz egitean.

Uste dugu, beraz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta barruan dauden alderdi politikoek bizikleta-mugikortasunaren alorraren egungo egoera kritikoa zein den azaldu behar dutela lehenbailehen, eta argitu behar dutela zein izango den bizikletaren gaineko haien politika gelditzen diren legealdiko bi urteetarako.
Azkenik, ondoeza eta harridura adierazi nahi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera honen aurrean. Eremu honetan egin diren parte-hartze prozesuen izena zikintzen duelako eta legezko konpromisoak haustea ekartzen duelako eta, gainera, guztiz inkoherentea delako Aldundiak isuri kutsatzaileen murrizketaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren gainean hartutako ingurumen-konpromisoekin.

Kalapie (Donostia)
Balazta (Irun-Hondarribia)
Gurpilartea (Errenteria)
Txirrinka (Oñati)

Etiquetas: