Metroa gelditzeko Kontxara Martxa deitu du Satorralaiak uztailak 15 larunbatean

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Kontxara Martxa deitu du uztailak 15 larunbatean Donostiako Metroaren pasantea gelditzea aldarrikatzeko. Hori dela eta, eguerdiko 12etan Easoko tren geltokitik abiatuta egingo den mobilizazio honetan partehartzeko deialdia egiten dugu; martxa Kontxako Erlojuetan amaituko da, non hondartzan ekintza sinboliko bat egingo den, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak Metroa Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko proiektuarekin aurrera segitzen duela salatzeko.

Satorralaiak era beran salatzen du joan den ekainaren 14ean Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko baimena eman duela, astakeria bat delako. Erabaki horren erabateko gardentasun falta nabarmendu behar da gainera, Itsasertzetako Zuzendaritzak ez baitie alegazioak egin zituzten 156 pertonei erantzunik emango, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin baita eskuratu. Berriro ere Administrazioaren jarduera opako batekin egiten dugu topo, eta Espainiako Gobernuak arrazoibide guztien gainetik igaro den bultzada politiko bati erantzunez eman diola susmatzen dugu Jaurlaritzari obra hori egiteko baimena. Zapalgailu politikoa jarri da abian, inongo eztabaidarik onartzen ez duen hertsikeriarekin.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak “Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko asmoz atzo hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko abian jarri duen prozedura salatzen dugu. Metroaren tarte honen eraikuntza-lanek hirigunean arazo larriak eragingo lituzkete eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan, nahiz Zubiri Plazan (Londres Hotelaren parean) eremu publiko zabalak okupatzea dakarte berekin. Izan ere, Udalaren ediktuen taulan argitaraturiko iragarkian ez dute planorik ematen, hain zuzen ere desjabetze prozedura honek kalteturiko eremuak lokalizatu ahal izateko ezinbestekoa den informazioa ezkutatzen delarik. Udalaren taulan argitarturiko iragarkiaren arabera informazio publikoaren epea uztailaren 27an amaituko da. Hori dela eta, herritarren erantzuna bultzatzeko asanblada informatibosa batera deitzen dugu, uztailak 20 ostegunean, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik). .

Metroaren pasasanteak inposizioaren bidetik egiten du aurrera. Gehiegikeria eta zentzugabekeria da 200 milioi euro gutxienez xahutzea bisitariak hiri-erdialderantz 400 metro hurbiltzeko: horren ordainetan, Kontxako hondartzako jabari publikoko itsas-lurretan eragindako afekzioaz gain, azpiegituraren inpaktu fisikoak eragin handiak eta arriskugarriak izango lituzke hirigunean eta trazadutik hurbil dauden eraikinetan (kalteak nozitu ditzaketen 311 eraikin zerrendatu direla gogora dezagun). Halaber, Metroak hiriko Dbus autobusen zerbitzuetan izango lituzkeen ondorioak aipagarriak dira, hirigintzaren arloan ekarriko lituzken eraldakuntzak bezalaxe. Azpiegitura faraoniko honen onura publikoa kasik ezdeusa da ordea Donostiako eta Gipuzkoako herritarrentzat. Soilik Donostiako erdialdean jada neurriz kanpo hedatu diren merkatal denda handien sektorea eta hiriak nozitzen duen turistifikazio hazkorra indartuko lituzke; eredu horrek Donostiako bizitza sozialean dituen eraginak nabariak dira, etxebizitzen garestitzea, prekarietatea eta masifikazioaren areagotzearekin. Azkenik, benetazko interesa Obran, faraonikoan, eta agintaldiak utzi beharreko arrastoan eta oroimenean datzala antzematen dugu. Gogoratuko dugu bai, alajainkoa!

Hori denagatik, uztailak 15 larunbatean Kontxara egingo den martxara biltzeko dei egiten dugu, Metroaren pasantearen proiektua gelditu eta herritarren parte-hartze betea eta zuzena bermatu behar duen eztabaida eta erabaki prozesu bat ireki dadin aldarrikatzeko.

Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua

Etiquetas: