Ostalaritzako formazioa zabaldu du Bidasoa bizirik-ek, lan aukera asko eskaintzen dituen sektorea baita

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa bizirik-en bidez, ostalaritza sektorera bideratutako bi espezializazio profesional ikastaro antolatu dituzte. Alde batetik, 1 mailako taberna eta jatetxe zerbitzuetako ikastaroa martxan jarri dute, berriro. Azaroan hasi zen, eta otsailaren 15ean amaituko da. Bestalde, 2 mailako sukaldaritza ikastaroa ere abian da, urritik maiatzaren 28ra arte. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen ditu bi ikastaroak.

Propio atondutako tailerretan eskaintzen dira bi ikastaroak, Irungo Ospitale Zaharrean. Bietan, ikastaroa amaitzen dutenek ziurtagiri profesionala jasoko dute.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak aurrerapenen balorazio baikorra egin du: “Erraztasunak eskaintzeko lan egiten dugu, irteera profesional bat bilatzen dutenei edo haien lan ibilbidearen norabidea aldatu nahi dutenei zuzenduta. Gure funtzioa da gure hirietako enpresen beharrekin lotutako arloetan formazioa programatzea. Oso pozik gaude aurreko promozioek izandako emaitzekin, eta errepika daitezen espero dugu”.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak ondorengoa erantsi du: “Ostalaritzaren sektoreak pisu handia du Irunen eta Hondarribian. Ikastaro hauei esker, enplegu bila ari den jendeak lan aukerak lor ditzan nahi genuke”.

Taberna eta jatetxe zerbitzuak
Langabezian dagoen jendeari zuzendutako ikastaroa da. Kontuan hartu behar da ordu karga handia duela, eta zaila dela lanarekin uztartzea. 2011n, jada, egin izan zen ikastaroa. Aurten berriro martxan jarri dute, merkatuan dagoen eskaintza handiagatik, oso zerbitzu profesionala bilatzen duten bezeroekin. Bestalde, ostalaritzako profesionalek beraiek konpetentzia handiagoak edukiko dituzten langileak bilatzen dituzte.

Jatetxe eta taberna zerbitzuetako ikastaroko ikasleek ostalaritza establezimendu ezberdinetan janariak eta edariak eskaintzeko formazioa jasotzen dute. Ikastaroa amaitzean, ikasleek 1 mailako ziurtagiri profesionala jasoko dute.

Zerbitzari laguntzaileak funtzio espezifikoak ditu, establezimenduaren arabera (jatetxea, taberna, kafetegia...) eta barra edo jantoki zerbitzuarekin izan dezakeen harremanaren arabera. Zerbitzari laguntzailea da errestaurazio establezimendu batean janarien eta edarien zerbitzuaz arduratzen den profesionala, bezeroen eskaerei behar bezala erantzunez, xehetasun guztien kalitatea zainduz, eta lanbideko segurtasun eta higiene arauak betez.

Sukaldaritza ikastaroa
Bestalde, sukaldaritza ikastaroaren prestaketak garapen profesional zabala hartzen du bere baitan, elikagai modu ezberdinak lantzen, prestatzen, gordetzen eta aurkezten irakasten baitzaie ikasleei, establezimenduaren eskaintza gastronomikoaren arabera, beti ere. Kalitate eta errentagarritasun ekonomikoko erreferenteetan jartzen da arreta, formazioan. Bestalde, modu zurrunean aplikatzen dira edozein elikadura establezimenduetan bete beharreko segurtasun eta higiene arauak.

Gainera, ikasleek 2 mailako ziurtagiri profesionala jasoko dute. Azken hiru urteetan Bidasoa bizirik-ek antolatu duen hirugarren sukaldaritza ikastaroa da, eta arrakasta erabatekoa izan da: ikasleen zati handi batek lana topatu du, eta enpresen erantzuna oso baikorra izan da. Azken promozioko ikasle batek negozio propioa zabaldu du. Ikastaroa amaitu eta sei hilabetera, ikastaroan parte hartu dutenen %84k lana topatu du. Horregatik, sukaldaritza ikastaroan parte hartzeko eskaria handia da. 60 hautagai egon dira aurten, 15 plazetako bat lortzeko.

34 urte ditu Isabel Irigoyenek, eta Inernet bidez izan zuen ikastaroaren berri: “Ez nuen inolako esperientziarik sukaldari moduan, baina gustatzen zait, eta izena ematea erabaki nuen. Esperientzia oso ona izan da, laburra iruditu zait ikastaroa, eta praktikak gustatu zaizkit. Hain zuzen ere, praktikak egin nituen leku beretik deitu naute lan egiteko”.

43 urte dituen Jon Fredy Menak eraikuntzaren sektorean zuen esperientzia, baina langabezian zegoenez, izena ematea erabaki zuen: “730 orduko ikastaroa izan da, oso praktikoa. Oso pozik nago, praktikak egin eta lan egiteko aukera bat baino gehiago sortu zitzaidalako. Orain taberna bat ireki dut nire anaiarekin batera, eta sukaldeko arduraduna naiz”.

Etiquetas: