Satorralaiak larunbatean Kontxara Martxa deitu du Metroaren pasantea gelditzeko

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Kontxara Martxa deitu du larunbatean Donostiako Metroaren pasantea gelditzea aldarrikatzeko. Hori dela eta, eguerdiko 12etan Easoko tren geltokitik abiatutaegingo den mobilizazio honetan partehartzeko deialdia egiten dugu; martxa Kontxako Erlojuetan amaituko da, non hondartzan ekintza sinboliko bat egingo den, hain zuzen ere erokeriazko azpiegitura hori Kontxaren azpian eraiki nahi dutela salatzeko. Honi dagokionean, Madrilgo gobernuak Kosten baimena eman berri duela salatu eta Eusko Jaurlaritzak Itsasertzetako Zerbitzura bidalitako dokumentazioan informazioa manipulatu duela egiaztatu dugu.

Satorralaiak era berean salatzen du Eusko Jaurlaritzak arbuio zabala jaso duen proiektu honen“Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko asmoz joan den astean hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzakegiteko abian jarri duen prozedura. Metroaren tarte honen eraikuntza-lanek hirigunean arazo larriak eragingo lituzkete eta San Martin, Easo, San Bartolome eta Loiola kaleetan, nahiz Zubiri Plazan (Londres Hotelaren parean) eremu publiko zabalak okupatzea dakarte berekin. Informazio publikoa uztailaren 27an bukatuko da eta desjabetzen planoak Udalaren webgunean eskuragarri daude (ikus internet bidez: Donostiako Udala> Bulego birtuala> Ediktuen eta iragarkien taula> Administrazio autonomikoak). Hori dela eta, herritarren erantzuna bultzatzeko asanblada batera deitzen dugu,uztailak 20 ostegunean, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan (sarrera Larramendi kaletik).

Metroaren pasasanteak inposizioaren bidetik egiten du aurrera. Gehiegikeria eta zentzugabekeria da 200 milioi euro gutxienez xahutzea bisitariak hiri-erdialderantz 400 metro hurbiltzeko: horren ordainetan, Kontxako hondartzako jabari publikoko itsas-lurretan eragindako afekzioaz gain, azpiegituraren inpaktu fisikoak eragin handiak eta arriskugarriak izango lituzke hirigunean eta trazadutik hurbil dauden eraikinetan (kalteak nozitu ditzaketen 311 eraikin zerrendatu direla gogora dezagun). Halaber, Metroak hiriko Dbus autobusen zerbitzuetan izango lituzkeen ondorioak aipagarriak dira, hirigintzaren arloan ekarriko lituzken eraldakuntzak bezalaxe. Azpiegitura faraoniko honen onura publikoa kasik ezdeusa da ordea Donostiako eta Gipuzkoako herritarrentzat. Soilik Donostiako erdialdean jada neurriz kanpo hedatu diren merkatal denda handien sektorea eta hiriak nozitzen duen turistifikazio hazkorra indartuko lituzke; eredu horrek Donostiako bizitza sozialean dituen eragin kaltegarriak nabariak dira jadanik, etxebizitzen garestitzearekin nahiz prekarietatearen eta masifikazioaren areagotzearekin. Berriro diogu: metroaren pasantearen egitasmoa gelditu eta auzi honetan herritarren parte-hartze bete eta zuzena sustatuko duen eztabaida eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki behar da.

Kosten baimenaren salaketa: Eusko Jaurlaritzak Itsasertzetako Zerbitzura bidalitako dokumentazioan informazioa manipulatu duela egiaztatu dugu:

Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko eman berri duen baimena astakeria dela salatzeaz gain, erabaki horren erabateko gardentasun falta nabarmendu behar da, Kosten Zuzendaritzak ez baitie Itsasertzetako Zerbitzuan alegazioak egin zituzten 156 pertonei erantzunik emango, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin baita eskuratu. Berriro ere Administrazioaren jarduera opako batekin egiten dugu topo.

Itsasertzetako Zerbitzuan Kosten txostena kontsultatuz hartu ditugun hainbat  oharren eta azken hileotan izandako zenbait informazioren bidez bildu ditugun datu batzuk honako hauek dira:

    1)    Itsasertzetako Zerbitzuak 2016ko irailaren 7an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizalean Metroaren pasantearen obrak burutzeko helburuarekin Kontxakako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak hartzeko Eusko Jaurlaritzak egin zion eskaeraren iragarkia, eta 20 eguneko epean informazio publikoa zabaldu zuen. Kosten txostenak esaten duenez “156 alegazio idatzi jaso ziren”.

    2) Alegazio guztietan azaltzen zen puntuetako bat proiektuaren Ingurumen-Inpaktu Adierazpenaren baliogabetasunaren ingurukoa zen, 2012koa izanik eta obrak hasteko bi urteko epea ematen zuenez, iraungita dagoelako. Gainera, Ingurumen-Inpaktuaren Azterketan aztertu zen jatorrizko egitasmoarekin alderatuta, proiektuak aldaketa garrantzitsuak izan dituela ohartarazten genuen, hala nola Erdialde-Kontxako geltokiaren kokapena Artzai Onaren aldera aldatzearen ondorioz trazadua 360 metroko luzeran Kontxako hondartzaren azpitik igarotzea –trazadu hori ez zegoen aurrikusita Inguru-Inpaktu Azterketan eta 2010 urtean idatzitako Ikerketa Informatiboan–, eta beraz Adierazpen hartan aurrikusi gabeko ingurumenarekiko arazoak ekartzen zituen aldaketa honek berekin. Kosten txostenak egiaztatzen duenez, Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzuak alegazioak ikusita Eusko Jaurlaritzari azalpen bat eskatu zion orduan Ingurumen-Inpatu Adierazpena indarrean ote zegoen argitzeko, eta eskaera horri erantzun behar izan zioten Arriola jaunak eta Garraio Azpiegituren Zizendaritzak hurrenez hurren (ikus 1. oharra). Alabaina, joan den ekainaren 14ean Madriletik igorritako Kosten baimenak ez du auzi hori aztertzen.                  

    3) Eusko Jaurlaritzak Itsasertzetako Zerbitzura igorritako dokumentazioan informazioa manipulatu duela egiztatu dugu,  2010ko hastapeneko proiektuak itsas-lurrak kaltetzen ez zituela ezkutatzeko. Honi dagokionean, alegazioekin eman genituen planoetan 2010ko hastapeneko proiektuan Erdialdeko geltokiak beste kokapen bat zuela eta trazadua itsasertzaren paraleloan marraztu zela erakusten genuen. Bidez batez Euskal Trenbide Sareak (ETS) “Kontxako hondartzan herri jabariko itsas-lurrak ezinbestean okupatu beharra”ri buruz egiten zituen baieztapenak gezurtatzen genituen. Eusko Jaurlaritzak hori ezkutatu egin dio ordea Itsasertzetako Zerbitzuari. Zehazki, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak manipulatu du informazioa, Itsasertztako Zerbitzura igorritako “Estudio de alternativas completas de transporte en Donostia-San Sebastian, incluyendo la no actuación” (ETS, 2016ko ekaina) izenburuko txostenean 2010ko Ikerketa Informatiboaren trazadua kendu duelarik irudi grafiko guztietan (ikus 2. oharra)

     Herritar batek gai honen inguruan landu duen xehetasun handiko azterketa argitaratzen da gaur Satorralaiaren webgunea. Txosten hori honako esteka eskuragarri dago:

      https://drive.google.com/driv e/folders/0B72CFCDlRO7wY3QxcmR tUklHcGM?usp=sharing

    4) Bukatzeko, Madrilgo Itsasertzetako Zuzendaritzak eskuak garbitzen dituela ondorioztatzen da, data ekainaren 14ean eta sinadura Raquel Orts Nebot, Espainiako Kosten eta Itsasoaren Jasangarritasunaren Zuzendari Orokorrarena duen Kosten txostena ikusita. Izan ere, baimena“Kontxako eta Easoko geltokien kokapena dela eta” justifikatu egiten du, “garrantzirik gabeko edo puntual”tzat jotzen du azpiegitura honek “Kontxako hondartzaren itsasazpiko lurrean 375 metroko luzeran eta 33-35 metroko sakoneran” duen eragina, eta “Eusko Jaurlaritzari herri jabariko itsas-lurretako 3.312 metro karratu hartzeko baimena ematen dio Metroaren saihesbidea erakitzeko”.

Hori denagatik, Kosten txostenaren emaitza absurdua dela uste dugu, informazio ofizialaren sinegarritasunarekiko mesfidantza areagotu eta inpotentzia sentipena sortarazten duelarik  botere politikoaren bidegabekerien aurrean.

______________________________ ____________________

(1. oharra) Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburu Arriola jaunak, 2016ko abenduaren 13ko idatzi baten bidez erantzun zion Itsasertzetako Zerbitzuari, esanez “proiektuaren Ingurumen-Inpaktu Adierazpena indarrean dago. Izan ere, Lugaritz-Kontxa tartearen eraikuntza-lanen hastapena 2012ko abenduaren 15ean izan zen” –hau da, Adierazpenak ezartzen zuen 2 urteko epearen barnean. Jakina da, ordea, Eusko Jaurlaritzak Metroaren pasantea eraikitzeko 2012an esleitu zituen obrak ez zirela hasi, hortarako beharrezko baimenak falta zirelako. Kosten txostenak dioenez, Eusko Jaurlaritzako Garrio Azpiegituren Zuzendaritzak “dokumentazio gehiago” bidali omen zuen gero Ingurumen-Inpaktuaren Adierazpenari buruz, 2017ko maiatzaren 25an, oraingoan esateko Adierazpen hura indarrean dagoela 2013/21 abenduaren 9ko Legearen “xedapen gehigarri” baten arabera (lege hori indarrean sartu aurretiko Ingurumen-Inpaktu Adierazpenek hain zuzen sei urteko luzapena izango dutela eta…).  Zertarako hainbeste komunikazio, dena hain “argi” badago!

(2. oharra) ETSek dokumentu hori egitean informazio iturri gisa Eusko Jaurlaritzak egindako “Estudio de Demanda de la Variante de Donostialdea” (2014ko urtarrila) izenburuko eskari azterketa erabili zuen, non 2010ko proiektuarekin batera (Eskari Azterketak erreferentziazko eszenatoki gisa hartzen duena) beste hiru alternatiba aztertu zituen. ETSek informazio horrekin prestatu zuen bere txostena, baina era honetan manipoulatu zuen:

    -Alternatiben grafiko guztietatik 2010ko hastapeneko proiektua kendu zuen. Horren ordez, 2012 urtean Arriola jaunaren garraio sailak onartu zuen eraikuntza-proiektua hartzen du “oinarrizko eszenatoki” gisa: Erdialde-Kontxako geltokiaren kokapena Artzai Onaren aldera aldatu zuen proiektu horrek eta trazadua Kontxako itsas-lurren eremuan sartu zuen. Ondorioz, ETSren dokumentuan azaltzen diren alternatiba gutziek Kontxako itsas-lurren eremuan sartzen dira

    – 2010ko Ikerketa Informatiboaren trazadua irudi grafikoetan kentzeaz gain, Eskari Azterketak alternatiba ezberdinentzat aurrikusitako bidaiari kopuruak zekartzan taula manipulatu zuen ETSek bere dokumentuan: jatorrizko azterketan 2010ko proiektuari dagozkion datuen zutabearen goiburuko izena aldatu eta datu horiek 2012ko proiektuarenak bailiran agertu zituen.

    – Manipulazioa ageria gelditzen da, bestalde, ETSek honako deskribapen labur hau egiten duenan trazaduen irudi grafikoaren azpian: esaten du egungo proiektuak (dokumentuan “Metro 2” dena) “Metro 1arekin alderatuta–hau da, “oinarrizko eszenatoki” gisa hartzen duen 2012ko eraikuntza-poriektuarekin alderatuta– dituen diferentziak honakoak dira: (…) Erdialde-Kontxako geltokiaren kokapena Artzai Onaren aldera aldatzen da”. Deskribapena erabat kontraesanean dago ordea irudi grafikoak erakusten duenarekin, geltokia toki berean kokatzen baita bi alternatibetan.  Manipulazioan egindako “hankasartze” hori erraz antzematen da ETSren txostenaren 28. orrialdean.

Etiquetas: