Izarkom jaio da

Zer da Izarkom?
 - Interneterako sarbidea, eskubide unibertsala.
       Internet oinarrizko baliabide bihurtu da osasungintzara, hezkuntzara, lanera eta informazio zerbitzuetara heltzeko. Nazio Batuen Erakundeak ere Interneterako eta Informazio eta Komunikazio Teknologietarako sarbidea giza eskubidetzat aitortua du, eta estatu kideei exijitzen die denontzako zerbitzu eskuragarri eta arrazoizko bat berma dezatela. Hala ere, gaur egun oso herrialde gutxi dira sarbidea herrikide guztientzat erabilgarri dutenak, eta are gutxiago oraindik konexio kalitate nahikoa kostu ekonomiko egokian eskaintzen dutenak.
 
 - Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa.
       Herritik bertatik sortzen den euskal proiektu kooperatibo eta demokratiko bat da: telefono eta Interneterako zerbitzuetara sarbidea bermatuko digun telekomunikazio zerbitzu multzo batez hornitzeko helburuarekin sortutakoa, kalitatezko baldintza teknikoei egokitutako eta kostu onargarrietan oinarritutako tarifen bitartez. Izarkom, finean, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa da, Euskal Herrian azpiegitura telematiko zein telekomunikazio zerbitzuen gaineko burujabetzarantz bidea egiten joateko.

 - Telekomunikazio azpiegiturak, partekatuak, irekiak, libreak eta neutralak.
       Telekomunikazio zerbitzu hauek Euskal Herriko txoko guztietara iritsi daitezen saiatzeko, dagoeneko zenbait herritan abian dauden telekomunikazio azpiegitura ireki, libre eta neutraletan oinarrituko da Izarkom. Horrez gain, gizarte eragile nahiz herritarrekin elkarlanean sare telematiko berriak ezartzen eta garatzen lagunduko du. Izarkomek eraikitako edota sustatuko sare telematiko guztiak guifi.net edo parekide diren beste sare partekatu, ireki libre eta neutralen ilizentzia prokomunari lotuta egongo dira, ezinbestean. Horrela, azpiegituren bikoizketak ekiditen ahaleginduko da eta, ahal den neurrian, gizarte nahiz ingurumen eraginak txikiagotzeko baliabideen erabilera partekatua bultzatuko du.

 - Gizarte ekimenerako kooperatiba, gaur egungo eredu ekonomikoa eraldatuz.
       Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalista gainditzeko, jabetuta gaude ekonomia sozial eraldatzailean oinarritutako alternatiba errealak plazaratzeko beharraz. Horregatik, Izarkom, gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba elkarte moduan eratu dugu. Alde batetik, kooperatiba gisa antolatu gara, ekimen honetan parte hartu nahi duten kide nahiz erakunde guztien artean modu demokratikoan kudeatutako proiektu parte-hartzailea izatea nahi dugulako. Bestetik, irabazi ekonomikoak lehenesten dituen enpresa ereduak atzean utzi eta ondare komuna eta jendartearen ongizatea helburu izango dituzten beste antolakuntza ereduak bultzatzea helburu dugulako gizarte ekimenerako eta irabazi asmorik gabeko erakunde gisa, herritarron elkarlaguntzan oinarrituta eta auto-eraketaren bitartez.

Zergatik Izarkom?
    Telekomunikazio azpiegiturek libreak eta partekatuak izan behar dutelako.

    Herri bezala sare telematiko propioak behar ditugulako.

    Sare horiek herritarren eskuetan egon behar dutelako.

    Kalitatezko Interneterako sarbidea guztion eskubidea izan behar delako.

    Eskubidea bermatzeko, arrazoizkoa den prezioa izan behar duelako.

    Gizartea eraldatuko duen ekonomia sozial baterako bidea jorratzeko.

    Irabazi asmorik gabeko kooperatiba garelako.

    Denon artean eraikiko dugun proiektua izan nahi dugulako.

Edozein duda edo kezka izatekotan, jarri gurekin harremanetan. Zuen galderak erantzuteko prest gaude.

info@izarkom.eus

www.izarkom.eus

Etiquetas: