Hondarribiko EH Bilduk Musika eta Dantza eskolari buruz zehaztapen batzuk eta proposamena

    Lehenik eta behin azpimarratu nahi dugu Musika eta Dantza Eskola oso elementu garrantzizkoa dela Hondarribiaren garapen kulturalerako, honako honen bitartez ahalbideratuko baita hondarribiarrak, edozein adinetakoak izanda ere, arautu gabeko musika eta dantza ikasteko aukera izan dezaten. Hau honela izanik, udalaren erantzukizuna dela deritzogu zerbitzu hau herritar guztiei eskaintzea; berak babestu beharko luke eta kudeaketan parte hartu, publikotasuna eta gardentasuna bermatze aldera

    Beste alderdi garrantzitsua, musika/dantza kultura sustatzen duten ekintzak antolatzea ere jarduera garrantzitsutzat jotzen dugu: kontzertuak, emanaldiak, entzunaldiak, mahai-inguruak, mintegiak etab. Eta baita herrian dauden musika/kultura/dantza talde eta elkarteekin harremana izatea, indarrak biltzeko eta elkarren premiak osatu eta solaskide bilakatuaz, herri mailako adierazpena eta zaletasuna sustatu eta bideratzeko.

    Honek ez du esan nahi, antolaketa-egitura modu bakarra udalak sortu, antolatu eta kudeatutako “Udal Musika eta Dantza Eskola” denik, eta bertako irakasleek Udal funtzionario izan behar dutenik. Legeak beste bide batzuk ere ahalbidetzen ditu, gure iritziz, egokiagoak direnak, gure herrian, musika dantza eta beste jarduerak modu duin, ekonomikoki jasangarri eta estabilitate minimo batekin garatzeko.

    Aukeratako bat, 2/2006 Legeak, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 101 eta ondorengo artikuluetan Musika eta Dantza Eskola Udal Erakunde Autonomo bezala eratzea ahalbidetzen duena da. Erakundeak, berezko nortasun juridikoa edukiko luke eta bere gobernu organoak (Udala, irakasleak, ikasleak, teknikariak eta gurasoen partaidetzarekin) Aipatu eratze hau da indarrean dutena Bilbon, Amorebieta-Etxanon, Usurbilen, Getxon, besteak-beste. Guk bide hau hartu ezkero, gure kudeaketa ata antolaketa propioa eratu beharko genuke, eragile guztien parte-hartzea eta kudeaketaren gardentasuna bermatuta.

    Ez da bakarra, baina baditugu, bai eredu honen zein beste batzuen arautegi/estatutu zirriborroak, eta guk sustatuko duguna da, irakasle, talde politiko, ikasle, teknikari, guraso eta nahi duen guztiarekin eztabaidatzea, 2018/19 kurtsorako, datorren ikasturtean, denok merezi dugun Musika eta Dantza Eskola izan dezagun Hondarribian.

    Gai honekin lotuta, ezinbestekoa ikusten dugu lehen bait lehen Kultur Etxearentzako proiektu publiko zehatz eta baliabidez hornituta adoste, anabasa egoera honetatik atera ahal izateko, Udalaren ardura delako (legeak hala baitio)

Hondarribiko EH Bildu

Etiquetas: