Satorralaiak ostegunean Donostiako Udalbatzara herritarrak biltzeko deitu du metroaren proiektuaren inposaketa arbuiatzeko

Satorralaia bizilagunen mugimenduak ostegunean Donostiako Udalbatzara biltzeko deialdia egiten die herritarrei Metroaren pasantearen proiektuaren inposaketarekiko arbuio soziala adierazteko. Metroaren gaia eguerdiko ordu 1ak aldera eztabaidagai izango denez, eguerdiko 12’30etatik aurrera bilduko gara Udalbatzen aretoan. Deialdi honen harira, Satorralaiak honako hau salatu nahi du:
     1) Erakundeek eztabaida publikoari eta gizartearen partehartzeari uko egin diote: Herritarren zati handi bat Metroaren Pasantearen aurka dago. Alabaina, Udal-gobernuak ez du ezertxo ere egin gizarteak egitasmo honen inguruko eztabaidan eta erabakietan parte hartu ahal izateko bideak ireki daitezen. Azken aldian, ez dio erantzunik ere eman joan den apirilean ehundik gora bizilagunek Antigua aldean Jaurlaritzak agindutako desjabetzak eteteko eta eztabaida publikoa irekitzeko eska ziezaion Udalari egindako eskaerari. Proiektua hasieratik era zeharo inposatzailean bultzatu dute, eta orain eraikuntza-lanek hirian izango luketen eragin handia dela eta herritarrei “pazientzia” eskatzen digute.
     2) Milioi askoko kostua eta baliagarritasun sozial zalantzazkoa duen proiektu honen inguruan instituzioek nahita eragin dute nahasmendua: Arantxa Tapia sailburuak Metroaren pasantearen obren esleipena “Topoaren sahiesbide” gisa aurkezteko malabar jokoak egin behar izan zituen Easoko geltokiko agerraldian.Donostian zeharo behar gabekoa den egitasmo honek jendartean jasotzen duen aldekotasun eskasaren jakitun hartu du Jaurlaritzak izena aldatzeko erabaki hori.
     3) Argudioen ordez gezurrak erabiltzen dituzte: Jarraian, sailburuak Metroaren pasantea eraikitzeko legokeen erabiltzaileen eskariari buruz honako hau esan zuen: “Azpiegitura bat abian jartzen denean eskari errealak aurrikusitakoa gainditzen du beti”. Gezurra dirudi hori esatea, neurriz kanpoko azpiegitura-lan handietan egiten ari diren gehiegikerien ondorioz belaunaldi oso baterako politika sozialak eta inbertsio publikoak baldintzatu eta hipotekatu direnean. Horren adibide txiki bat Altzako “geltoki mamua” dugu, non ez diren egitasmo honen bultzatzaileen aurrikuspenak urrundik ere bete. Gezurra da, halaber, Metroaren igarobidea Topoaren maiztasuna handitzeko beharrezkoa denik, egun EuskoTrenek Amarako geltokian dituen instalazioekin 7’5 minutuko maiztasunak bideratzen baitira, hau da, pasantean aurrikusitako frekuentzia bera. .Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Metroaren erabileraren inguruan emandako aurrikuspenak faltsuak dira, eta gainera, horiek beteko balira ere, Donostian autoan egiten diren joan-etorrien %1’5a bakarrik bereganatuko luke, ondorioz hiriko garraioak eragindako arazoak gutxitzeko helburua betetzeko gauza ez delarik. Aldiz, Metroaren pasanteak hiriko garraio publikoan eta Udalaren Dbus-en izango lituzeen ondorioei buruz ez dago erakundeen artean diagnosi eztabaidatu eta adosturik, Jaurlaritzak autobus zerbitzuetan murrizketa garrantzitsuak egitea planteatzen duen artean Udalak arazo hori aitortzeari uko egin eta gezurretan ari delako, ostrukaren politika eginez.
     4) Ikuspegi sozial, ekonomiko eta anbientaletik egokiagoak diren alternatibak aztertzeari uko egin diote: Donostiak garraio publikoko sare nahiko ona du eta hori hobetze aldera Topoaren eta Dbus-en autobus linea nagusien artean koordinazioa sustatzea proposatu duten ekarpenak egin dira, funtsean Topo-Bus aldaketa guneak sortzeko: era honetan, EuskoTrenen erabiltzaileei hiriko autobusetara aldatzea erraztuz eta Lurraldebus nahiz Renfe-ren Aldiriak ere ongi integratuz, Donostiako eta eskualdeko auzo guztietara nahiz lantokietara garraio publikoaren irisgarritasuna hobetuko litzateke. Eta pasanterik gabe.

Bihar asteazkenean “Metroaren pasantea eta hiri-eredua” eztabaidagai Koldo Mitxelenan
Bestalde, “Metroaren pasantea eta hiri-erdua Donostian” gaiari buruz bihar asteazkenean egingo den mahai ingurura biltzeko dei egiten dugu, arratsaldeko 7etan Koldo Mitxelenan, hizlari gisa Andeka Larrea (hiri-eraldaketa prozesuen azterlaria), Andoni Egia (Tokiko Garapen agentea) eta Koldo Telleria (Hirigintza irakaslea Arkitekturako fakultatean eta “Dunak” taldeko kidea) arituko direlarik. Mahai inguru honetan Metroaren Pasantearekin sustazen den hiri-eredua eztabaidagai izango da. Mugikortasuna ez da hirigintza-ereduarekin zerikusirik ez duen kontu bat. Nolako hiria nahi dugu?

Etiquetas: