Planetaren ordua

Datorren martxoaren 25ean,  WWF elkarteak (Naturarako Fondo mundiala), aldaketa klimatikoa gauzagarria dela erakusteko asmoz, 20:30etik 21:30era, eraikin publiko zein pribatuetako argiak itzaltzea proposatu du.

Irungo udalak, ondo iritzita, ekimen honekin bat egin du. Baina bat egite honek inplikazio morala du, eta ezin da ekimen hutsal batean geratu. Bat egitea zintzoa bada, planetaren defentsa ardatz izatera behartuko du udala.

Aldaketa klimatikoa eta planetaren suntsiketa gelditzea behetik gora etorri behar da, hau da, norbanakoan hasi, gertueneko instituzioan, hots, udalean;  irtenbidea goitik noiz etorriko itxaron gabe.

Baina, zer egin dezake udalak? galdetuko dute batzuek, eta erantzuna asko da, hala nola: berriztagarrien bitartez, autosufizientzia energitikoa lortu; mugikortasun jasangarria egin; autoaren erabilera galaraziko duen eta erdigunetik at merkatalguneak debekatu dituen hiriaren diseinu bat aplikatu; eraikitzeko araudian material eta diseinu ekologikoagoak baimendu; fiskalitatea ekologikoki jasangarriagoa egin; bertako elikadura ekologikoaren autosufizientziarako urratsak eman; kaltegarriak diren elikagaiak kontrolatu; hiri zein industria hondakinen politika (3R) aldatu; azken finean, gertukoari, bertakoari babes irmoa eman.

Udalak kontzeptu hauek argi edukitzea ezinbestekoa da. Era berean, kontziente izan behar du aipatutako hauetan guztietan, naturaren defentsa eta justizia sozialen irizpideekin jokatuz gero, Irun, 0 aztarna ekologikoa duen hiri jasangarria izatea lortuko dugula.

Jakin badakigu administrazioei kontzeptu hauek asimilatzea kostatzen zaiela, baina Irungo EH Bildun, gure udal programan oso garbi adierazita dauzkagu, eta gure taldetik azpimarratu nahi dugu jasangarritasun irizpideak erabiliz jendarte justuago, zoriontsuago eta ekonomikoki oparoagoa lortuko dugula.

Aukerak bukatzen ari dira, lanean hasteko ordua da, ezin dugu denbora gehiago itxaron, zeren denbora baita, hain zuzen, gaixorik dagoen planeta honek ez daukana.

Etiquetas: