Hondarribiko udala eta euskara

Hondarribiko EH Bildu.- Hondarribiko udalak euskararekiko duen begiramena hutsaren hurrengoa dela esatea, agian, gehiegi esatea litzateke, baina ez hutsaren hurrengoa baino gehiago duelako, gutxiago duelako baizik.

EH Bilduk, baita beste talderen batek ere, behin eta berriz, eztabaidarako mahai gainean jartzen den dokumentazio asko eta asko gaztelania hutsez jartzen delako kexak jartzen ditu.

Kanpora eskatutako txosten ia guztiak gaztelaniaz etortzen dira, edo lehen gaztelaniaz eta handik egunetara euskaraz, kasu onenetan.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) nahiz eta kontratuan jarri euskaraz eta gaztelaniaz erredaktatua behar zuela izan, eta, gainera, hala ordaindu, gaztelania hutsean erredaktatutakoa onartu zuen udalak.

Azken aldian, berriz, modan jartzen ari da udalaren barruan, bai arkitektoaren aldetik, baita ere idazkariaren aldetik ‒alkatearen oniritziarekin, bestela ez da ulertzen‒ egindako txostenak gaztelania hutsean bidaltzea, eta handik egun batzuetara euskarazkoa.

Orain dela hilabete pare bat, udalak agindutako Hondarribiko kaleko euskararen erabileraren azterketa aurkeztu zitzaigun. Benetan, kezkagarria azterketa horrek erakutsi diguna. Hondarribia, herri euskalduna izanda ‒% 60 euskalduna da, eta % 20 euskaldun pasiboa, hau da, euskaraz ulertzen duena‒, kalean % 24k baino ez du euskara erabiltzen, Gipuzkoa osoko bataz bestekoaren 4 puntu azpitik, eta euskaldun kopuru horrekin egin beharko lukeenaren 8 puntu azpitik.

Egia da, udalak, bakarrik, ezin diola egoera honi  buelta eman, baina ez da egia txikiagoa berari dagokiola aitzindari izatea, eta ez dirudi lan hori hartzeko prest dagoenik, behintzat, bere jardueretan hori erakusten baitigu.

Etiquetas: