ECM elkarteak 6.000 € beka deialdia jarri du abian

ECM elkarteak, tokiko garapen komunitarioko proiektuak sustatzeko, 6.000 € beka deialdia jarri du abian lehen aldiz. Irabazleak 6 hilabetean burutu beharko du aurkezturiko proiektua. Egitasmoak azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta irabazlea 2018ko abenduaren 31 baino lehen emango da jakitera.

Eva Campo, bere bizi-poza gure artean zabaldu zuen pertsona izan zen. Bere ingurunearekin zuen konpromisoa askotan erakutsi zuen, eta horren isla, pertsonen bizia hobe egiteko, berrikuntza sozialean eta tokiko garapenean oinarrituta martxan jarri zituen proiektuak. Bizitza labur eta intentsua, baina gure ustez, hemen gaudenontzat irakaspen asko utzi zituena. Irakaspenak eta “egiteko modu bat”, izpiritu bat.

Horixe da hain zuzen, beka hauen xedea. Tokiko garapen komunitarioan oinarrituriko egiteko modu hau sustatzea. Honetarako hain zuzen aliatu dira Eva Campo Müller elkartea eta Sara-ko udala, egiteko modu hau era praktikoan sustatuko duten proiektuak 6.000€-ko beka baten bidez finantzatzeko.

Oinarriak - Eva Campo Müller tokiko garapenerako beka
Eva Campo Müller elkarteak lehen urtez eta Sarako herriko etxearen laguntzarekin, Eva Campo Müller beka abiatzea erabaki du, berrikuntza sozialean oinarrituko diren tokiko garapenerako proeiktuak sustatzeko asmoz.

  1. Beka honen xedea tokiko garapenerako proiektu bat diseinatzea eta/edo abian jartzea izanen da. Evak berak, tokiko garapena berrikuntza sozialari hertsiki lotua ulertzen zuen: tokiko garapen komunitarioa eskualdeetako pertsonen bizitzak hobetzeko prozesu holistiko bezala, eta berrikuntza soziala, prozesu hori kolektiboki diseinatu eta gauzatzeko ikuskera moduan. Azken ikuspuntu horrek lau osagai nagusi ditu: lurraldea, prozesua, izaera kolektiboa eta bizitza erdigunean jartzea. Lurraldea da tokiko garapena pentsatzeko eskala. Eskualdeko sare sozio- ekologikoa aintzat hartzen duen heinean, lurraldea da subjektu eta objektu, egile eta prozesuaren onuradun. Prozesua, ez delako hasiera eta amaiera argia duen esku-hartze estatiko bat, baizik eta lurraldearen konplexutasunarekiko erresilientea izanen den mugimendu kolektibo eta aldakor amaigabe bat. Kolektiboa, lurraldea osatzen duten sare humanoak direlako, prozesuaren diseinatzaile, gauzatze subjektu eta onuradun. Hala, berrikuntza soziala, inguru  sozio- ekologikoaren konplexutasunarekiko aldakor izanen den prozesu kolektiborako ikuskera da, tokiko garapen komunitarioaren ortzi mugarantz mugimendu etengabea. Pertsona zein naturaren bizitzaren kalitatea erdigunean duen ikuspuntu eta proposamena.

Hortaz, aurkezten diren proiektuek honako xede hauek izan beharko dituzte kontuan:

    -Eskala: Aurkezten diren proiektuek, gauzatuko diren herriko edo lurraldeko ehun sozio- ekologikoa hartu beharko dute kontuan, hau da kasu honetan proiektuaren subjektu eta objektu. Proiekturen aurkezlea eta koordinatzailea prozesuaren bide lagun izan beharko du. Eremu sozialean, kontuan hartu beharko du lurraldea hiru eremu nagusitan antolatzen dela, hots, eremu instituzional-publiko, ekonomiko eta komunitarioan.

    -Parte hartze kolektiboa: Goikoari loturik, proiektuaren diseinu partekatu (edo ekarpenak egiteko) eta gauzatze kolektibo baterako proposamena izan beharko du. Tokiko garapenaren ikuspegitik, bereziki interesgarria izanen da prozesuan eremu instituzional, ekonomiko eta komunitarioak artikulatzea, eta horretarako antolaketa eta harremanerako marko egokiak proposatzea.

    -Gaitasun erresilientea: Lurraldearen konplexutasuna aintzat hartzeko gaitasuna ukan behar du prozesuak. Hasieratik gauzatuko den herriko edo lurraldeko agente eta errealitate konplexuen kontzientzia ukan beharko du, baita garatze prozesuan egoten ahal diren aldaketa eta baldintza aldaketei egokitzeko borondatea eta tresnak ere.

    -Izaera prozesuala: Ahal den heinean proiektuak tokiko dinamiken tendentziak aintzat hartu eta tokiko garapen komunitarioaren bidean hauek indartzeko gaitasuna ukan behar du. Hots, proiektua gauzatuko den herriko edo lurraldeko errealitateari egokitu behar zaio, eta saiatuko da, proiektua amaitzen denean jarraipena ukanen duten harreman sare eta komunitateak egonkortzen.

    -Bizitzaren erdigunea: Tokiko garapen komunitarioak ortzi muga bezala, eta berrikuntza sozialak ikuspuntu bezala, pertsona eta naturaren bizitzaren mantentze eta hobetzea ditu helburu orokortzat. Hala, proiektuak argi utzi beharko du zein izanen diren proposatutako proiektuarekin aseko diren beharrak, edo hobetuko diren biztanleen aspektuak.

Adibide moduan, proiektuek hurrengo erronkei erantzun ahal izango diote:
    -Elikadura subiranotasuna: lehen sektorea eta bertako produktuaren kontsumoa sustatzeko proiektuak komertzializazio kate motzen erabilera proposatzen dutenak.

    -Ekonomia sozial eraldatzailea: pertsonak erdigunean jartzen dituen garapen ekonomikorako proiektuak, mota horretako enpresa berriak sustatuz edota enpresa tradizionalak irizpide horietara trantsizioa egin dezaten bultzatuz.

    -Genero parekidetasuna: Emakumeen ahalduntzea eta pertsonen arteko harreman parekideak sustatzen dituzten proiektuak

    -Kultur aniztasuna eta sorkuntza: Jatorri eta kultur aniztasuna balioan jarriko duten proiektuak. Balore parekide eta askatzaileetan oinarrituko diren sorkuntza proiektuak.

    -Hirigintza inklusiboa: hiri eta herrien behar eta erronkak (kaleen okupazioa, jasangarritasuna, etxebizitza, ekipamendu publikoak...) modu inklusibo eta parte hartzailean landuko dituzten proiektuak.

Bereziki baloratuko dira mugaz gaindiko izaera duten egitasmoak.

Evak Sarako herriarekin zuen harremanagatik, bereziki baloratuko dira Sarako herria xedetzat izanen dituzten egitasmoak.

  2. Norbanakoek edo taldeek aurkeztu ahal izanen dituzte proposamenak. Parte-hartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:
a) Proiektuari aurre egiteko proposamena: helburuak, metodologia eta kronograma bertzeak bertze. Bekadunak herritar eta eragileekin aukerako hizkuntzan harremana izateko gaitasuna egiaztatu beharko du. Taldeen kasuan, aski izanen da taldekide batek hori bermatzea.
b) Egilearen/taldekideen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa, nortasun agiriaren kopia eskaneatua eta curriculuma. (Egileei buruzko informazioa Elkarteak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaiko kideek ez dute jakinen haien berri).

  3. Proiektuak 2018ko azaroaren 30era arte bidaltzen ahal dira helbide hauetako batera: evacampomuller.elkartea@gmail.com
Eva Campo Muller elkartea – Anaka kalea, 20 – 20301 IRUN

  4. Jasotako proiektu guztiak Eva Campo Müller elkarteak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea. Epaimahaia honako elkarte edo erakundeetako lagunek osatuko dute: Hiritik At-eko kide batek, Farapiko kide batek, Eva Campo Muller elkarteko kide batek, eta Eticoop-eko kide batek. 2018ko abenduaren 31 aitzin emanen da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal du epaimahaiak.

  5. Beka 6.000 eurokoa izanen da -legez egin beharreko atxikipenak barne- eta Eva Campo Müller elkarteak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren %60, irabazle izendatu ondoren, eta beste %40, proiektua amaitua, txostena entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. Sarako herria xedetzat duten egitasmoek Sarako Herriko Etxeak emandako
1.000 euro gehiago izanen dute egitasmoa gauzatzeko.

  6. Irabazleak, izendapena jaso eta 6 hilabeteko epea izanen du, gehienez, lana amaitzeko eta amaierako txostena Eva Campo Müller elkarteari helarazteko. Proiektua gauzatzeko jarraipen batzorde bat osatuko da zeinetan hurrengoak egonen diren:
Proiektua gauzatuko deneko herri edo lurraldeko ordezkaria, ahal den kasuetan.
Eva Campo Müller elkarteko ordezkariak.
Bekaren irabazlea.
Jarraipen batzordearen funtzioa proiektuaren gauzapenaren koordinazioa burutzea izanen da.
Jarraipen batzordearen bileren maiztasuna prozesuan bertan definituko da. Jarraipen batzordeak proiektua moldatzeko eskubidea izanen du.
Proiektuaren gauzapenerako beharrezkoak izanen diren baliabideak jarraipen batzordeak lortu beharko ditu.
Jarraipen batzordeak beharrezkoak diren baliabide komunikatiboak landuko ditu.

  7. Irabazleak bere lana behar bezala egiten ez badu edota amaierako txostena aurkezten ez badu, itzuli egin beharko du jasotako dirua.

  8. Proiektuan zehar sortutako dokumentu eta baliabideek lizentzia irekia izanen dute, baina irabazle/egilearen izena eta Eva Campo Müller elkartearen izena agertu beharko dira.

  9. Proiektuaren emaitzak aukerako herrian edo lurraldean bertan eta Eva Campo Müller elkarteak erabakitzen duen bertze toki batean aurkeztu beharko dira. Aurkezpenaren antolaketaz elkartea arduratuko da, baina bekaren irabazlea izanen da bere lana aurkeztearen arduraduna.

  10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Argibide gehiagorako: evacampomuller.elkartea@gmail.com

Etiquetas: