Eguzkik usapalaren ehiza debekatzeko eskatu du

Eguzki Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioei zein Nafarroako Gobernuari eskatu die Europan onartu berri den “Usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” aintzat hartzeko eta, ondorioz, 2018-2019an espezie horren ehiza debekatzeko.

Eguzkik, beste hainbat elkarte ekologista eta naturzalek bezala, badaramatza urte batzuk eskatzen usapala babestutako espezie gisa sailkatzeko edo, behintzat, espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko. Diputazioek zein Gobernuak, ordea, ez dute orain arte jaramonik egin, ikerketa guztiek espeziea oso egoera larrian dagoela agerian utzi duten arren. Alabaina, Europar Batasunean onartu berri den planak ez die erabakia atzeratzen jarraitzeko aukerarik ematen. Nolabait esateko, dagoeneko ez dute luzamenduaren gaineko luzamendua egiteko aitzakiarik, nahiz eta badakigun ehizaren inguruko lobbyaren presioa handia izango dela.

Informazio osagarria
Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” (*) onartu zuen joan den maiatzaren 23an. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko, arreta-printzipioa eta usapalen populazioaren beherakada izugarria izaten ari dela kontuan izanda”.

Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da, ehiza-eredu iraunkor bat finkatzeko aukera izan bitartean. Bestela esanda: gaur egungo ehiza-eredua (adituen arabera, bi milioi ale inguru urtean) ez da iraunkorra. Horra hor behin-behineko debekuaren zergatia.

Planaren arabera, debekua noiz sartu behar da indarrean? Bada, 2018an bertan, eta presa guztiz logikoa da, izan ere, neurri hau “ezinbestekotzat” jotzen du, “essential”tzat jatorrizko hizkuntzan. Kontuan izan planak, neurriek duten lehentasunaren arabera, sei maila aurreikusten dituela. Bada “essential” da lehentasun gorena duten neurriei dagoekien adjektiboa.

Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arbera, europar usapalaren populazioak % 78 murriztu dira, 1980 eta 2013 bitartean, eta % 29,  2004 eta 2013 bitartean. Penintsula iberiarrean, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. Bada, penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak % 30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da.

2015ean, Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak (UICNk) usapala zerrenda gorrian sartu zuen, “zaurgarri” gisa sailkatuta.

Egoera ikusita, Europako herrialde askok usapalen ehiza debekatu egin dute, baita Estatu espainoleko erkidego autonomiko batzuek ere, hala nola, Kanariar Uharteek, Kantabriak eta Asturiesek. Baina Estatu espainolean, oro har, ehizak jarraitu du, baita Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere.

SEOk, ziento erdi bat adituk babestuta, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari eskatu zion usapala Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartzeko, “zaurgarri” gisa. Ministerioak zientzialari batzorde bati gaiari buruzko txostena eskatu zion. Batzordeak 2016ko urrian entregatu zuen txostena eta ondorioa ezin garbiagoa izan zen: usapala Mehatxatutako Espezieen Katalogoan sartu egin behar da.

Baina Administrazioak ezikusiarena egiten jarraitu du
Eguzkik 2015ean eskatu zien lehen aldiz diputazioei eta Nafarroako Gobernuari usapala espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko. Alferrik, arestian esan dugun bezala.

Baina Europan onartu berri duten ekintza-planak ez du aitzakiatarako zirrikiturik uzten.

Plana hasten da Ipar Amerikako uso migrariari buruzko oso aipu adierazgarri batekin. Uso hura mende baten buruan pasatu zen kontinenteko espezie ugariena izatetik zeharo desagertzera. Azken alea 1914an hil zen, Cincinatiko zoo batean. Planak, espezie haren patua eta usapalaren gaur egungo egoera erkatuz, honako hau dio: “Hauxe da zerbait egiteko unea, berandu izan baino lehen”. Geure egiten ditugu hitzok eta diputazioek eta Gobernuak ere euren egingo dituztelakoan gaude.

    (*) Plana, honako lotura honetan: http://www.trackingactionplans.org/SAPTT/downloadDocuments/openDocument?idDocument=49

Etiquetas: