Azken asteotan Bidasoaldeko zenbait emakume, instituzioekin inolako loturarik eduki gabe, martxoaren 8a antolatzeko bildu gara. Gure bailaran emakume guztiei, hau da,emakume identitatea bere dibertsitate osoan ulertuta, zuzendutako aldarrikapen espazio aske eta siglarik gabea sortzea genuen helburu, beti ere emakume guztiok zapaltzen eta menperatzen gaituen sistema ZISHETEROPATRIARKALA iraultzearen beharra aldarrikatzeko.
Sistema kapitalista, arrazista eta cisheteropatriarkatu honek gizarteko alor guztietan banaketa sexuala sortzen du: lanean, harremanetan, etxean, ekonomian etab. Emakumeoi inposatutako espazio eta zereginak (zainketa lanak, etxeko zereginak, hezkuntza, etab) gizartean alboratuta eta gutxi etsita daude. Sistema honek ez ditu maila berean baloratzen emakumeok egiten ditugun lanak, horren adibide izanik Hego Euskal Herrian emakumeok urtean gizonek baino 7680€ gutxiago irabazten dugula, edota lan feminizatuetan prekarietatea nagusi izatea edota baldintza makurretan eta gehienetan dohainik egiten diren zainketa lanak ikusezin bihurtuta egotea. Egoera honetan, gainera, emakume migranteak dira kaltetuenak, etxeko langileen gehiengoa kanpotarra baita.
Diskurtso politiko hutsak gelditzeko unea dela uste dugu, instituzioei aldaketa eta ekintza exijitzeko garaia dela, biolentzia matxistak, tamalez, emakumeon heriotzak, feminizidioak, eragiten dituelako, gaur egungo genozidio isila bihurtuz. Hala ere, emakumeok jasaten ditugun biolentziak biolentzia fisikotik haratago doaz, eta beharrezkoa da instituzioek beraien politiketan ekintza zehatzak aurrera eramatea biolentzia mota guzti hauekin amaitzeko. Gure bailara honetako udalerrietan bereziki garrantzitsua da alardearen gaia, berauk eragiten duen banaketa sozialaren aurrean itsu eta mutu baitaude, eta berriro ere, egoera honek emakumea zapaltzen du bereziki, postura batekoa zein bestekoa izan.
Nazkatuta gaude sufritzen ditugun erasoen aurrean babes instituzionalik ez edukitzeaz, Irunen bertan 2016. Urtean 176 emakume erasotuak izan ziren. Nazkatuta gaude emakumeok objektu bilakatzen gaituzten ekitaldi eta ekintzak sustatzeaz, esaterako, haurren edertasun lehiaketak egoteaz. Nazkatuta gaude RGIaren murrizketekin, hauek bakarrik bizi diren emakumeei eragiten dietelako bereziki. Nazkatuta gaude pentsioen erreformek batez ere emakumearen egoeran eragiteaz, horren adibide izanik martxan jarri nahi duten jasangarritasun faktorea. Nazkatuta gaude dibertsitate funtzionala duten emakumeak baztertuta egoteaz. Nazkatuta gaude pobrezia eta bazterketak emakume gorputza izateaz. Datorren martxoaren 8an planto egitera deitzen ditugu emakumeak.
Ulertzen dugu arrazoi desberdinak direla medio, denok ezin dugula greba osoa aurrera eraman, horregatik, greban modu desberdinetara parte hartzeko deialdia luzatzen dizuegu:
- Lanaldi, ikasle, zaintza eta kontsumo greba osoa.
- Lan eta ikastetxeetan planto egitera deitzen zaituztegu antolatu ditugun ekintzetan parte hartu ahal izateko: eguerdian, 12tan San Juan Plazatik manifestazioa abiatuko da. Gero, arratsaldean, 18tanSan Juan Plazan elkarretaratzea egingo dugu hau, giza katea bihurtuko delarik San Juan Plazatik epaitegietara. Giza katea egiteko zapi moreak eramatera animatzen zaituztegu.
- Ekintza sinbolikoak egingo ditugu, besoko morea jantziaz edota balkoietan greba babesteko mantal-aurrekoak zintzilikatuz. Gainera, egun horretan kontsumo guztia gelditzeko deialdia luzatzen dizuegu, bereziki, lan esplotazioa eta baliabideen ustiapena sinbolizatzen duten enpresa eta saltokietan.
Emakumeon kaleetako, etxeetako, lan eremuetako eta harremanetako presentzia eta egoera aldatu nahi dugu. Horretarako, martxoaren 8an greba egitera deitzen dugu lana, politika, bizitza eta ekonomia alorretan greba eginez. Martxoaren 8an emakumeok geldituz gero, mundua geldituko dela adierazi nahi dugu.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1231 irakurketak
- Castellano