Irungo Harrera Sareak eguneko zentroa antolatu du San Juan Plazan

Erakundeen erantzun eskasa

Udalaren erantzunak harrerarako oinarrizkoak diren zenbait beharrei erantzun gabe jarraitzen du. Oso zaurgarria den kolektibo bati egiazko harrera egiteko gonbita luzatu nahi diogu herritar orori.

Atzo arratsaldetik, Irungo Harrera Sareak San Juan plazara eraman ditu bere jarduera guztiak.

Bi dira horretarako arrazoi nagusiak:

  1. Lakaxitako eguneko zentroa mantentzeko ezintasuna, horretarako kondizio ezagatik.
  2. Harrera sistema instituzionalak dituen gabeziak ikustarazteko beharra. Horrexegatik orain arte, prekarioki baina elkartasunez, sareko pertsonek bere gain hartu dituztenak.

Lakaxitaren itxieraren gertutasuna ikusirik eta sarearen eskaeren aurrean, Irungo Udalak, begionez hartu arren harrera hiria deritzon batentzat urria dela uste dugun erantzuna inprobisatu du: hotzaldiarentzako bitartekoa ireki du gehienez 24 pertsonek lo egin dezaten. Berriz ere diogu, begionez hartu baina urria deritzogula.

Harrera integrala ematen duen bitarteko bat dela esan ahal izateko gabeziak daude oraindik ere:

  • Existitzen diren bitartekoek erabiltzaileak egunean zehar artatu gabe jarraitzen dute, eta hau bidaiariek, erakundeek beraiek dioten moduan, atseden hartzeko eta errekuperatzeko ezinbestekoa da. Lehen Lakaxitan egiten genien harrera, orain San Juan plazan egiten dugu, Sarearen eguneko zentro bilakatu den gunean.
  • Inprobisazioa eta moteltasuna oraindik ere. Atzo, Udalak, Martindozeneatik at geratzen zen jendearentzako irekiriko bitartekoan gosari zein bazkaria emango zietela ziurtatu zigun. Gaur ordea, aurreikuspen falta medio, hau bete ez dela ikusi dugu. Enegarrenez Sarea izan da behar horiek ase behar izan dituena 20 otordu banatuaz.
  • Kolektibo zaurgarrienak artatzeko baldintzak zeintzuk diren azaltzeke dago oraindik, umeekin zein gabe datozen emakumeen kasuan. Zeharo zaurgarria den kolektiboa dira, pertsonen salerosketarako adibidez. Horregatik, pertsona hauentzat bereziki pentsaturiko atentzioa presazkoa da. Kontrakoa zaurgarritasuna eta arriskua handitzea litzateke. Tamalez, zailtasunak jartzen zaizkie behin eta berriz, eta egonaldirako gehienezko egunak betetzean artatzea ukatzen zaie. Guztiz larria da hau, eta luzera begira eraginak izango dituena.

Hau guztiagatik, Saretik harrera integrala aldarrikatzen jarraitzen dugu. Honek bitarteko material zein giza bitartekoak ezartzea dakar, eta bitarteko hauek erakundeen ardura direla errepikatzen dugu.

Hau horrela ez den bitartean, gure jarduera San Juan plazan egiten jarraituko dugu. Eta gurekin bat egin nahi duen pertsona orori luzatzen diogu harro sentiaraziko gaituen egiazko harrera hiri bat egiteko gonbita.

Etiquetas: