Korrokoitz, udal desgobernua

Sí se puede Irun.- Ezin konta zenbat aldiz entzun diegu udal gobernua eratzen duten kideei beraien ituna egonkortasunean oinarritzen dela. Egonkortasun eskasa erakusten dute beraien artean ere ez direlako ados jartzen, eta hori gutxi balitz ere, “Irunen aldeko itunaren” ardatza eratzen duten gaien berri ere ez diote ematen elkarri.

Bat baino gehiago izan dira azken hilabeteotan izan dituzten inki-mankak, adibidez: Plaiaundiko pistak lekualdatzea, udal aurrekontuaren gestioa, Korrokoitz eremuak berekin ekarritako  (des)akordioaren zentzugabekeria mediatizatua.

PSEren eta EAJren arteko gobernu-itunaren deskalabruaren seinaleak ezin garbiagoak dira; izan ere, ez dute elkar ulertzen, eta garbi ikusten ari da -udal hauteskundeak hurbiltzen diren heinean-, Irunen alde egin zuten ituna alderdien arteko hauteskunde-borroka bilakatzen ari dela, bietatik zein den ausartagoa erakusteko.

Joan den astearen amaieran, Korrokoitz eremuaren inguruan lortutako akordioaren tupusteko albistearen berri izan genuen.  Ez genekien ezer akordio horri buruz, ez genekien zein urrats ematen ari ziren gure hiriaren erdialdeko eremu degradatu hori birgaitzeko; eta hori guztia isilpean egin da nahiz eta gure taldeak behin baino gehiagotan galdetu duen eremuaren garapenari buruz.

Poztu egiten gara, nolanahi ere. Azkenean, izan ditugun udal gobernu guztiek 30 urtetan erakutsi duten moteltasunaren ondoren, urratsak ematen hasiak dira dagoeneko. Baina, zein urrats mota? Erabateko deskoordinaziotik abiatuta eta gobernuko kideen arteko akordiorik gabe, mota horretako ekintzei ekiteak eta oposizioko taldeei horren berri ez emateak garbi asko erakusten du seriotasun izpirik ere ez dutela.

Ez dakigu zein antolamendu proposatzen den, nork hartu duen aurrea… Sustatzaile pribatuez zerbait adierazi dute; baina, nola? Ba al dute udal teknikarien abalik? EAJk baietz dio; PSEk, berriz, ezetz.

Ez dakigu zein akordio mota dagoen eremu horretako etxebizitzen jabeekin, ez dakigu zer gertatuko den hitzartutako ordezko bizitokia ematearekin: EAJk hainbat fase daudela dio, PSEk, berriz, akordio eza dagoela. Kaltetuak betikoak dira, alegia hainbat hamarkadatan auzoaren degradazioa, zuzkidura publikoen falta eta antolamendutik kanpoko kalifikazioak jasaten ari diren jabeak dira; eta orain, EAJk eta PSEk erakusten dituzten  inprobisazioa eta segurtasun juridikoaren eza ere jasan behar dutenak.  

Azken batean, agintaldia amaitzeko urte eta erdi geratzen delarik, porrot egin du udal gobernuak seriotasunik, erantzukizunik, koordinaziorik eta elkarrizketarik ez dagoelako. Aurreko bi urteetan udaleko “hiruko” gisa definitu ahal ziren PSE, PP eta EAJ beraien arteko akordio iraunkorra zegoelako, orain udal desgobernuaz hitz egin ahal dugu norantz doazen ez dakigulako.

Etiquetas: