Zaporeak Proiektuak herritarren laguntza behar du jasotako arropa sailkatzeko eta hori Greziara bidaltzeko

Larunbatean euskal eta nafar jendartearen babes zabala jaso zuen Zaporeak Proiektuak. “Jantzi Negua” neguko arropa bilketa kanpainari erantzun bikaina eman zion eta arropa mordoa jaso zen horretara egokitutako 40 bilguneetan. Jende andana hurbildu zen arropa poltsekin eta jendearen joan etorria etengabekoa izan zen. Ezin dugu arropa kuantifikatu oraindik, biltegian jaso eta sailkatzen ari gara, behin dena zehaztua dugunean datuak zabalduko ditugu.

Azpimarratzekoa, jendearen erantzunaz gain, jendeak nola erantzun zuen egin zen deialdi bereziari, kalitatezko neguko arropa eta barruko arropa berri asko jaso zen.

Zaporeak Proiektuak eskerrak eman nahi dizkie euskal eta nafar jendarteari, pertsona errefuxiatuentzat emandako laguntzarengatik eta “Jantzi Negua” kanpainari emandako erantzun ezin hobeagoagatik. Horrekin batera, eskerrak bilketa antolatzen eta horretan laguntzen aritu ziren elkarte eta boluntario guztiei, guztion lana ezinbestekoa izan zen kanpaina arrakastatsua izan zedin.

Laguntza behar dugu
Bildutako arropa Donostiako biltegian jasotzen ari dira. Bertan ari dira Zaporeak Proiektuko boluntarioak etenik gabe lanean, goizeko 9tatik 19tara, arropa guztia sailkatu eta kutxetan kokatzen, bidalketarako prest egon dadin. Jendarteari deia luzatzen diogu, jendearen laguntza behar dugulako jasotako arropa guztia ondo sailkatzeko, laguntzeko prest dagoenak idatzi edo deitu dezala 637891768 telefonora.

Horretaz gain, Zaporeak Proiektuak arropak sailkatu eta ahalik eta azkarren bidaldu nahi ditu Greziara, datorren astea du jarrita helburutzat. Bidaldu nahi den palet bakoitzak 150€-ko kostua du eta horri aurre egiteko dirua biltzeko kanpaina abian du. Bilguneetan dirua jaso zen, baina oraindik ez da nahikoa bidalketa guztiari aurre egiteko. Diru-ekarpena egin nahi duenak ondorengo kontu korrontean egin dezake:
    Laboral Kutxa: ES18 3035 0103 84 1030037127

Etiquetas: