Jesus Carrerari omenaldia eta bere gorpuzkien hobiratzea

Jesus Carrera Olaskoaga PCEko idazkari nagusi izandakoaren gorpuzkiak Hondarribiko hilerrian hobiratuko dituzte hilaren 28an (larunbata), eguerdian. 1945. urteko urtarrilaren 16an fusilatu zuten Alcala de Henaresko hilerriko hormaren kontra, eta bertan lurperatu zuten. Joan den ekainaren 15ean hobitik atera zituzten buruzagi komunistaren gorpuzkiak, eta Aranzadi Zientzi Elkartearen esku geratu ziren. Behin hondarribiarrarenak direla baieztatuta, familiaren esku utziko dituzte hilaren 28an Hondarribiko hilerrian.

Lurperatzea pribatua izango da, baina aurretik omenaldi publikoa egingo zaio hilerri kanpoan Espainiako Alderdi Komunistako (PCE) idazkari nagusi izandakoari. 12:00etan hasiko da ekitaldia.

Jesus Carreraren senideez gain, omenaldian parte hartuko dute, besteak beste, Fernando Sanchez Espainiako Alderdi Komunistako antolakuntza idazkariak, Jon Hernandez Euskadiko Partidu Komunistako idazkari nagusiak, eta Aitzol Arroyo Jesus Carreraren ikerketa burutu duen historialaria. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Aintzane Ezenarro, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak bertaratuko direla jakinarazi dute, baita Aranzadiko kideak ere.

Crowdfunding kanpaina
Jesus Carreraren familiak Crowdfunding kanpaina abiatu du goteo.org atarian, buruzagi komunistaren memoria gizarteratuko duen dokumentala grabatzeko. "Era berean, akuilua izatea nahiko genuke, guk egin dugun bezala, hobietan senide, lagun edo ezagun desagertuak dituzten pertsonek urratsa eman dezaten", azaldu dute Carrera zearen ilobek.

Hamar, 25, 50, 100 edo 300 euroko diru laguntzak eman daitezke, eta ekarpen bakoitzak bere saria du, familiaren esker mezutik hasi, grabatuko duten dokumentalean aipamena agertzeraino. 25 euro edo gehiagorekin laguntzen dutenek, dokumentalaren kopia bana jasoko dute bukatzen dutenean.

https://www.goteo.org/project/memoria-historica-jesus-carrera-olascoaga

Ekitaldia: Jesus Carrerari omenaldia. 1945ean fusilatu zuten, PCEko idazkari nagusi zenean.
Noiz: Uztailak 28, 12:00etan.
Non: Hondarribiko hilerrian.

Etiquetas: