“Jantzi Negua” kanpainan bildutako arropa bidaldu du Zaporeak Proiektuak

Hilabetean zehar guztira 13 kamioi irten dira Euskal Herriko lau hiriburuetatik pertsona errefuxiatuen negua janzteko.

Gaur irten da azkeneko kamioia Donostiatik pertsona errefuxiatuen negua janztera. Azkeneko garraioak Siria du jomuga, bertara iritsiko da zuzenean. Hilabete osoko lana izan du Zaporeak Proiektuak, baina, lan horrek bere emaitza izan du eta guztira, neguko arropaz beteriko 13 kamioi irten dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik. Azpimarratzekoa, hilabete eta erdian lortu dela 13 garraio kudeatu eta arropa guztia bidaltzea. Horretarako, ezinbestekoa izan da Argitransen laguntza, berak lagundu baitigu garraiolariak topatzen.

Hasiera batean, Lesboseko Attika eta Chioseko FEOXek jasoko zuten arropa guztia, baina jasotako arropa kopurua ikusita, bi elkarteek ez zuten gaitasuna hainbesteko arropa bolumena jasotzeko, hori dela eta, arropa jasoko luketen elkarte eta jomuga berrien bila aritu zen Zaporeak Proiektuak eta horrela lortu du arropa Calais (Frantzia) eta Siriara bidaltzea, ez soilik Greziara, arropa jasoko zuten pertsona errefuxiatuen kopurua zabaldu eta handituz.

Azaroak 17an Euskal Herriko hiriburu eta hainbat herrietan “Jantzi Negua” neguko arropa bilketa kanpaina burutu zuen Zaporeak Proiektuak. Guztira, 35 bilgune izan ziren Hego Euskal Herriko lau probintzietan zehar, boluntario sare zabal eta eraginkor bati esker.

Hainbat boluntario eta elkarte arduratu ziren zonalde bakoitzean arropa bilketa egiteaz, arropa hori guztia, gero, hiriburuetan bildu, sailkatu, kutxetan kokatu eta gero garraioa lortu ahala joan zen pertsona errefuxiatuek behar zuten lekuetara.

Jendartearen erantzuna, Zaporeak Proiektuak egindako deialdiari, ikusgarria eta bikaina izan zen. Azaroak 17an elkartasun olatu erraldoi bat zabaldu zen Hego Euskal Herrian zehar, jende andanak egin zuen bat kanpainarekin eta joan-etorria etengabekoa izan zen. Ez hori bakarrik, behin bilguneetakoa bilduta, jende ugari jarri zen harremanetan eta arropa zuzenean biltegi nagusietara eraman zuen.

Herri eta hirietan boluntarioen lana ezinbestekoa izan zen, horien laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke kanpaina gauzatzea. Horretaz gain, boluntarioek erantzun bikaina eman zioten, arropa sailkatu eta kutxetan jartzeko Zaporeak Proiektuak egindako deiari. Donostiako bitlegi nagusian, astebetean egitea espero zen lana hiru egunetan egitea lortu zen boluntario asko gerturatu baitziren esku bat botatzera.

Zaporeak Proiektuak “Jantzi Negua” posible egin duten norbanako, boluntario eta elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkie euren babes eta laguntzagatik.

74.087€ garraioa ordaintzeko
Zaporeak Proiektuak zituen aurreikuspen guztiak aise gainditu zituen “Jantzi Negua” kanpainak. Hasiera batean, bizpahiru kamioi bete eta bidaltzea aurreikusten bazuten ere, azkenean 13 izan dira bidaldutako kamioiak, horrek berarekin zekarren gainkostuarekin.

Kostu horri aurre egiteko jendarte eta erakundeei laguntza eskatu zitzaien eta oraingoan ez dute hutsik egin. Guztira 74.087€ bildu dira, horietatik 25.500€ Donostiako Udalak eman ditu, 5.100€ Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 10.200€ Argiñano familiak eta gainontzekoa elkarte eta norbanakoek egindako dohaintzak izan dira.

Bildutakoarekin arropa guztiaren bidalketari aurre egitea lortu da, bidalketa bakoitzak 4.000€ eta 6.000€ bitarteko kostua izan du, errepidez eta itsasoz bidaltzearen arabera aldatzen zen prezioa. Horretaz gain, kanpainak bere horretan izan dituen kostuei (kartelak, materiala, kutxak, paletak…) aurre egiten ere lagundu du jasotako diru hori guztiak, garraiotik sobratutakoak. Aipatu, Elikagaien Bankuak ere kanpainarekin bat egin duela hainbat kutxa emanez, Eibarko eta Bilboko beste bi enpresekin batera. Jendartearen laguntzari esker “Jantzi Negua” kanpainak ez du inolako gainkosturik izan Zaporeak Proiektuarengan, norbanakoek, elkarteek egin dute kanpaina posible, bai arropa emanez, eta baita dirua emanez ere.

Lesboseko sukaldea itxura hartzen
“Jantzi Negua” kanpaina ixten aritzeaz gain, Zaporeak Proiektuak bere lanean aurrera jarraitu du. Hilabete garrantzitsua izan da Lesboseko proiekturako. Behin sukaldea jasoko zuen lokala alokatuta, hura atontzen eta sukaldea montatzen aritu da boluntario taldea. Lan horretarako espreski hiru boluntario joan ziren azaro amaieran. Sukaldea muntatzeko ezinbestekoak izan dira Lacor eta Sammicek emandako materialak, beti daude gure proiektua laguntzeko prest.

Sukaldea prest dago, egin beharreko lanak eginda orain kozinatzen hasteko baimenak lortzeko beharrezkoak diren azterketak gainditzea da hurrengo urratsa, horrekin batera, Lesboseko agintariekin janaria nori eta nola banatu eta boluntariotza programak zehaztea dira orain Zaporeak Proiektuak asku artean dituen lanak.

Etiopiako materiala bidean
Iragan astean kargatu zuten Wukroko (Etiopia) proiekturako faltan zen material guztia edukiontzi batean eta jada bidean. Horrela, Zaporeaken lehen proiektua badoa bere azken fasean sartzen. Materiala iristean, Ostalaritza eta Gastronomia Eskola montatzea izango da eman beharreko hurrengo urratsa.

Etiquetas: