145 lanpostu eskaini ditu Bidasoa bizirik-ek Turislan azokan

fotoTurismoaren sektorean espezializatutako enplegu azoka da, otsailaren 26 eta 27an egingo dena

74 lan eskaintza ezberdin proposatu ditu Bidasoa bizirik-ek, 145 lanpostu guztira

Turislan turismoaren sektoreko enplegu azoka hartuko du Ficoba erakustazokak, bigarren urtez jarraian. Otsailaren 26 eta 27an izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Bidasoa bizirik-ek, Bidasoa Eskualdeko Garapen Agentzia gisa, azoka horretan parte hartu du, lan eskaintza kopuru handi bat mahai gainean jarriz.

Miguel Ángel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak Turislan azokaren balorazio baikorra egin du: “Guretzat pozgarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak halako azoka bat Bidasoa eskualdean antolatzea. Bidasoa bizirik-ek lanean dihardu, azokak arrakasta izan dezan. Gure kolaborazioa eskaini dugu, enpresen parte hartzea handia izan dadin”.

Juan Mari Altuna Bidasoa bizirik-eko presidenteordeak ondorengoa erantsi du: “Bidasoa eskualdean, 2.000 lagun baino gehiago ari dira zuzenean ostatuen eta ostalaritzaren sektorean lanean. Egia da turismoak lanpostu asko sortzen dituela, eta azoka honi esker jende askok lanpostu bat lor dezan espero dugu”.

Bidasoa bizirik-eko langileek Bidasoa ibaiaren bi aldeetako enpresekin harremana izan dute, sektore turistikoan lan eskaintzak dituztenek Turislan azokan parte har dezaten animatzeko. 74 eskaintza lortu dira, 145 lanpostu, guztira.

Bidasoa bizirik-ek kudeatu dituen eskaintza horien artean, 26 Bidasoa eskualdekoak dira, 16 Frantziakoak, eta 33 beste eskualdeetakoak. Azoka hasi baino lehen, Bidasoa bizirik-ek 1105 curriculum vitae jaso ditu jada.

Bestalde, nabarmentzekoa da Bidasoa bizirik-ek langileak lanpostuetan kokatzeko duen esperientzia. Orain arte, Enpleguaren Astearen hogei edizio egin dira. Bertan, merkatuan estalita ez dauden profilak erakusten dira, eta enplegu eskaintzen kudeaketan parte hartzen duten entitateak ezagutarazi.

Turislan azokaren inguruko xehetasun gehiago

Enplegu bila ari diren pertsonen eta langile bila ari diren turismoaren sektoreko enpresen arteko bilgunea da Turislan.

Lanpostu bat lortzeko aukera izateaz gainera, plataforma egokia da turismoaren sektorean zer nolako garapen profesionala izan dezaketen jakin nahi duten pertsonentzat, edo turismoaren sektorean lanean hasi nahi dutenek aholkularitza jaso ahal izan dezaten.

Gainera, turismoaren sektoreko enplegu azoka berezi hau eztabaida gunea eta ezagutzak elkar trukatzeko espazioa ere bada, turismoaren sektoreko interes gai nagusien inguruan. Aurten, Turislan-ek arreta berezia eskainiko die Gipuzkoako sektore turistikoaren garapenean funtsezkoak diren bi gairi: FORMAZIOA eta IRAUNKORTASUNA.

Bidasoa eskualdea eta turismoa

Azken urteotan Bidasoa eskualdera hurbildu diren bisitarien kopuruak gora egin du, nabarmen. Turismoaren sektoreak egoera horretara egokitzen jakin du, eskaintzan eta zerbitzuetan aniztasun handia eskainiz. Zehazki, 50 establezimendutan ostatu hartzeko 2500 toki daude. Eskaintza zabala da, eta eskaria handia, urteko batez besteko okupazioa %65ekoa baita.

Gainera, bisitari guztiei zerbitzua eskaintzeko, turismo informazioko hiru gune daude, bi Hondarribian eta beste bat Irunen.

Etiquetas: