Benta Zaharraren parkingaren gainekoa

Hondarribiko EH Bildu.- Uda hasieran, gaian iritzi kualifikatua duen kide batek jakinarazita, gure kezka azaldu genuen Udalean, Hirigintza batzordean hain zuzen ere, Benta Zaharreko parkinga eusten duen egituraren egoera tamalgarria zela eta, argazkiz hornituta.

Udal arkitektoak bere gain hartu zuen eta zegokion erakundean jakinarazi eta eskaera bideratuko zuenaren hitza eman zigun. Ez dugu zalantzan jartzen udal teknikariren lanik, baina erantzunik jaso ez genuenez, badaezpada, beste mezu bat helarazi genion Udal Arkitektoari abuztuaren 23an, gure larritasuna adieraziaz.

Udal Arkitektoak bere ardura eta lana ondo beteaz, (udal honetan kasu guztietan gertatzen ez denez) Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietarako Zuzendaritzak, gaia bereganatu eta proiektua prestatu du, beharrezko konponketak burutzeko.

Honaino, ohiko prozedura: herritarren bitartez gabezia bat antzeman eta komunikatu, herri ordezkariak garen neurrian erantzukizunez dagokion tokian jakinarazi eta jarraipena egin, eta diskrezioz eta eraginkortasunez, udal langintzan eragin.

Gertatutakoaren argitan ordea, ez da berdina guztien jokabidea.

Itzela izan zen sorpresa, joan zen ostiraleko Hitzan albistearen berri irakurri genuenean. Herriko korrespontsalaren hitzetan, aipatu arazoa, Abotsanitz alderdiak bideratu zuen, irtenbidea eman, komunikatu eta abar, kasu jakin honetan, ezer gutxi egin ez duenean; are okerragoa dena, gure interbentzioaren aipamen ñimiñoena ere egin gabe.

Ez gara gu auto-laudoriotan ibili zale, gu ez ginen Udalean sartu medailak paparrean jartzeko, egiten dugun lana bere gauza on eta akats guztiekin, jendarte hobeagoa lortzearen bidean, ahal dugun ekarpentxoa egitean datza, eta emaitzaren bat gauzatu ezkero, horixe da guretzat saririk handiena.

Beste talde batek gure lana baliatzea, hobekuntza batzuk bereak balira bezala jendearen aurrean aurkezteko, aldiz, espero ez genuen edukazio eta errespetu politiko falta nabarmentzat hartu dugu; are handiagoa, edukazio eta errespetu hori bereziki zaindu izan dugunean talde horrekin.

Etiquetas: