Abotsanitzen jarrera Alardearen inguruan

Dagoeneko herritarrek ezagutzen gaituzte eta badakite zein den gure jarrera Alardearen inguruan. Badaezpada, berriro azalduko dugu: Abotsanitzek hasieratik esan du, emakumeek eskubide osoa dutela, gizonek bezala, herriko jaietan parte hartzeko, eta norbanakoak askatasun osoz erabaki beharko lukeela zer egin irailaren 8an. Bide horretan, herriko jaien izaera publikoa aldarrikatzen dugu, ezinbestekotzat jotzen baitugu herriko ondarea herritarren eskuetara itzultzea.

Aurtengo jaiak izango dira agintaldi honetako azkenak. Udalera iritsi ginenetik orain hiru urte eta erdi erronka asko izan ditugu esku artean, tartean Alarderen gatazka konpontzeko urratsak ematea. Askok pentsatuko dute ez dugula ezer aldatu, gatazkak bere horretan jarraitzen duela. Baina guk oso modu baikorrean ikusten dugu gai honetan eragiteko Udalean sartu orduko hasi genuen lanketa. Eta, asko ikasi dugula aitortzen dugu.

Ikasi dugu gatazka bat sortzen denean egoera berriari aurre egiteko identitate berriak sortzen direla, aurrera egiteko tresna gisa. Hondarribiaren kasuan, duela 20 urte baino gehiago sortu ziren identitate haiek zenbait sektoretan gotortu egin dira, eta esan genezake urteak generamatzala  blokeatuta.  Baina, iaz esaten genuen herritar asko zegoela blokeo horretatik atera nahi zuena, diskurtso nagusiekin identifikatuta sentitzen ez zena. Denboraren poderioz, identitate zurrun haiek zentzua galduz doaz, testuinguru berriak sortu direlako. Ondorioz, berriro ere, identitate berriak agertuz doaz. Ez da erraza 20 urtez pertsona bati izaera eman dion identitatea albo batera uztea. Mundu honetan mantentzen duen makulua galtzearen parekoa da. Bakarrik gelditzearen sentimendu hori normala da. Beldurra ere agertzen da: “Jendeak honela ezagutu nau hogei urtez, eta orain? Zer pentsatuko dute?”

Testuinguru berri honetan aurrera egiteko euskarriak sortzen saiatzen ari gara Abotsanitzen. Erosoago eta jendea babestuta sentiarazi dezakeen egoera baten bila gabiltza, pausua ematea errazagoa izan dadin.Pausuak ez du zergatik izan behar alde batetik besterakoa, baizik eta gatazkatik ateratzeko borondaterako jarrerarakoa. Elkar ERREKONOZITZErako pausua. Elkarrizketa bilatzen duten guneetarako pausua. Behetik gorako aldaketa behar da, herritarrek egindakoa, beldurrik gabekoa.

Egoera hori definitzen duen hitza KONFIANTZA da. Elkarri pentsatzen duguna esateko konfiantza galdu genuen, baina bueltan dator, pixkanaka. Bizikidetza sustatuz doa, Hondarribiak berriro herri giroa sendotuko du, eta guztiona izango den jai parte-hartzailea egingo dugu.

Abotsanitzek bide horretan jarraitu du 2018an ere, batzuekin eta besteekin bilduz eta hitz eginez. Pozik gaude, azkenaldian guregana hitz egiteko gogoarekin dagoen jendea hurbildu zaigulako. Askotan hasierako iritzi berdinarekin bukatu dira bilera edo topaketa horiek, askotan orduak egin ditugu elkarri esperientziak kontatuz, batzuetan eskertu digute egiten ari garen lana, besteetan aldiz kontrakoa, baina behintzat elkarri konfiantzaz esan dizkiogu gauzak. Eta konponbidea geroz eta hurbilago dagoenaren sentsazioarekin gelditzen gara.

Jaiak gozatu!

Gora Hondarribia!

Etiquetas: