EH Bilduk irakurritako testua Hondarribiko Udaletxeko lehen plenoan

Hondarribiko Udaletxea. Wikimedia.orgAlkate jauna, zinegotzi andere-jaunak, herrikide, auzokide, lagunak eta adiskideak, egun on.

EH Bilduren izenean mintzo natzaizue. Ohorea da guretzat Hondarribia hiriko zinegotzia izatea, ohorea eta erantzukizuna, aldi berean. Badakigu EH Bildu dela legealdi berriko indar apalena baina horrek ez digu ilusio eta indar izpirik kentzen. Askatasuna maite dugulako eta haren alde lana gogor egiteko prest gaudelako.

Gaude, hasi berri den legealdia erabakigarria izan daitekeela Hondarribia eraldatzeko. Gauzak ondo bidean legealdi honetan egingo dira, besteak beste, Berdintasun Plana eta Turismo Plana Estrategikoa. Plan horiek balio behar dute gure hiriaren etorkizunaz hitz egin ahal izateko.

Aparkaleku gehiago izango ditugu, hori seguru. Turista gehiago, etxebizitza turistiko gehiago, ospakizun gehiago eta kontsumo gehiago gure ostalaritza zerbitzuetan. Turista eta bisitarientzako hiri polita eta atsegina egiten ari gara; eta hori ondo dago. Baina bertan bizi garenok, urte osoko egoiliarrak, eta turistak behar izan desberdinak dauzkagu. Gizarte- zerbitzuak, hezkuntza, hizkuntza, kultura, mugikortasuna, hondakinen kudeaketa eta, oro har, eguneroko bizimoduan behar izaten ditugunak lehentasunezkoak izan beharko lirateke. Denon artean eraiki behar dugu nahi dugun hiria, bai, guztion artean, baina bakoitzak irudikatu behar du nahi dutehiri ori nolakoa den. Zein hiri nahi dugu? Neguko hiria 16.000 biztanleekin? Edo udako hiria 50.000 biztanleekin?

Hondarribiak sekulako aukerak ematen dizkigu bizimodu atsegina egin ahal izateko; balia ditzagun. Gustuko dut paseatzea. Alde zaharretik atera, Soroeta eta Masti bidean nabil. Mastik, garai bateko mahastiak ekarri dizkit gogora Hondarribi Zuri mahatsak eta txakolina, galdutako eta berreskuratutako tradizioa. Sokoa, Olabide eta Loraitz. Handik kiroldegiari begira geratzen naiz eta Hondarribia zenbat aldatu den ikusten dut. Kirol-kaia txalupaz eta belaontziz beteta, urrun geratzen da arrantzaleen kai berria.

Aldapan gora, Gornutz, gorako bidetik segi eta muino gainean, han goian, iparralderi begira Antso III.a Gartzeiz Nagusia Nafarroako erregearen oroimenez Juan Jose Aranguren eskulturagileak egindako lana: “Harresia hautsi” deitu zion. Handik goitik ikusten da itsasoa, Txingudi, Hendaia, Urruña eta urrunago sumatzen dira Sara eta Ainhoa.

Higer, farola, han labarreko behealdean Asturiaga, han bertan hil zituzten bi gazte diktaduraren azken urteetan: Jose Luis Mondragon eta Xabier Roke Villada. Bi bertzale ahanzturaren zuloan. Gugan beude. Oroimen historikoa?

Higerreko Itsasargia. Bertan da mendebaldeko GR11 mendi-bideko abiaburua, mendizaleek badakite baina, egia esan, ez dago arrasto handirik. Zerbait egin behar da, zerbait egingo dugu. Itsasargitik pasa eta aurrerago ur zikinetako araztegia dago. Araztegia badago, bai, baina Arkolla eta Zimizargako ur zikinak Txiplao errekara isurtzen dira, bizilagunak soluzio eske ari dira.

Euskal Herri Eder honetan toki eta paraje ikusgarriak dira. Gogora etortzen zaizkigu Gipuzkoako Dorleta, Arrate, Izaskun, Olatz, Arantzazu, Itziar edo Nafarroa Garaiko Eunate, Amaiur eta Idoia. Lekuak berez, izaeradunak, betikoak eta jaioi berriak.

Aurrera jarrai gure mendi-bideak itsasbazterretik, Koskollonarri, Larrekonarri, Erretxiki, Fandangoarri eta Errotasein. Ilargi zilarra zeruan, Goizeder artean, Errotaseinetik Artzuko portura eta handik gora jotzen dugu, belazeetan Ihintza, baso txikian sartu egin gara. Han barnean, Oihana dela ematen du Irati izango bailitzan. Basotik harago mendi lepoan Garoa da nagusi, Iradi. Tartean Lore ugari. Gure mendi-bidea bide nagusia bada ere, bide malkarra da, aldapatsua. Haizea firin-faran, euri Naroa. Iparretik Itsaso zabalak ekaitzak dakar. Halako batean badirudi harresi beltzen artean igo behar dugula, durundak gortzen gaitu, baina aurrera goaz. Goian Guadalupe hiriaren zaindari; gorago Aillerru, gailurra.

Badakizue zertaz ari naizen, Jaizkibeli buruz ari naiz. Guztion Jaizkibel, guztiontzat. Gora Hondarribia! Mila esker.

Etiquetas: