2019ko Maiatzeko Udal Hauteskundeen balorazioa

Abotsanitz EskerrakAbotsanitz.- Azken igande honetan Udal, Foru eta Europako Hauteskundeak burutu dira.

Hondarribian parte hartze garrantzitsua izan dugu, %65etik gorakoa, eta normaltasuna izan da mahai guztietan. Honela 8.705 herritarrek hartu dute parte udal ordezkariak hautatzeko prozesuan.

Parte hartu duten guztien artean Abotsanitzek 1.924 hondarribiarren babesa jaso du eta guztiei esker ona adierazi nahi diegu. Azken hauteskundeekin alderatuta igoera nabarmena izan da botu kopuruan, eta ondorioz ordezkari bat gehiago izango du Abotsanitzek ekainaren 15ean abiatuko den legegintzaldi berrian.

Pentsatu nahi dugu azken lau urte hauetan Udaletik eta kalean egindako lanaren ondorioa izan dela Abotsanitzen emaitza ona. Beraz, horrela jarraituko dugu lanean, Udaletik herrirako eta herritarrekin etengabeko harremana mantenduz. Eta hauteskunde kanpainan zehar agindu ditugun gaiak landu eta aurrera eramateko konpromisoa hartzen dugu, gardentasuna, partehartzea eta erabakigune partekatuak oinarri hartuta.

Lau gizon eta emakume izango dira datozen lau urteetan Abotsanitzek Hondarribiko Udalean izango dituen ordezkariak. Gaztetasuna, eskarmentua eta formakuntza bateratzen dituzte, eta lan egiteko gogo biziz daude. Udal talde honen helburua herritarrengandik gertu egotea eta hondarribiarren beharrei udaletik erantzuten saiatzea izango da. Eta lehenago egin dugun bezala, behar sozialei erantzun egokia ematen nabarmenduko dugu gure lana, Hondarribikoa kohesionatutako gizarte bat izate aldera.

Beraz, Hondarribiko herritarrei eskerrik beroena emateaz gain, Abotsanitzekin konta dezaketela helarazi nahi diegu, eta gure Portuko egoitzako atea zabalik dugula, beharra duten guztirako.

Etiquetas: