Irungo EH Bildu.- Urriaren 1a adinekoen nazioarteko eguna da. Denok dakigunez, kolektibo hori gure gizartean ahaztuenetako bat da, eta, gainera, pandemiak gogor jo du.
Azken hilabete hauetan egindako ikerketa gehienek adierazten dutenez, 65 urtetik gorako pertsonak, baina batez ere 80 urtetik gorakoak, "Talde ahulenetako bat" izan dira koronabirusaren krisian, konplikazio larriak izateko arrisku handiagoa baitute.
Zentzu honetan, bereziki gogorra eta kezkagarria izan da egoitzetan bizi diren adinekoen egoera . Baina batzuek zein besteek arazo berri bati egin behar izan diote aurre: urruntze sozialak sustatutako bakardadea.
Izan ere, urruntze soziala eta bakardadea sinonimoak dira pertsona askorentzat, eta egiaztatuta dago adinekoen bakardade eta isolamendu sozial mailak handitu egin direla hartu diren osasun publikoko neurriekin.
Bakardade hori arrisku-faktorea da ondoez fisiko eta emozionalerako. Depresioarekin, antsietatearekin eta pentsamendu suizidarekin lotzen da, eta, aldi berean, estres handiagoa sor dezake eta immunitate-sistema ahultzen du.
Azken hilabete hauetan, adineko asko bakarrik hil dira, beren senide eta lagunei agur esateko aukerarik izan gabe, beren etxe, egoitza edo ospitaleetan giltzapetuta, konfinatuta, triste, eta depresio egoera oso gogorretan.
Egoera horren aurrean, premiazkoa da dauden baliabide guztiak kolektibo horren zerbitzura jartzea, adineko pertsona bat gehiago ere ez dadin bakarrik hil. Irungo EH Bilduk erakunde guztiei eskatu nahi die, bereziki Gipuzkoako Foru Aldundiari, egoitza-eredua egokitzeko, erabiltzaileen bizikidetza eta duintasuna erdigunean jarrita.
Horretarako, ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustu garbia egitea, adineko pertsonak politiken erdigunean jarrita, eta, aldi berean, zainketen sektorean lan egiten duten pertsonen eskubideak eta lan-baldintzak duintzeko aldarrikapenei erantzun egokia emanez.
Gizarte justu bat sortzeko, guztion bizitzak duindu behar ditugu, baina, bereziki, kolektibo ahulenenak. Pentsiodunen mugimenduraren eta adinekoen eskubideen aldeko elkarteen aldarrikapenak gureak egin behar ditugu, 1080 euroko gutxieneko pentsioaren alde eta zaintza sistema berrikusi eta hobetzearen alde egin behar dugu, alegia.
Azken finean, erakunde eskudunei eskatu behar diegu, bereziki Eusko Jaurlaritzari, babes- eta laguntza-sistema berrikusteko, betiere adinekoak babesteko helburuarekin.
- Egutegia
- 768 irakurketak
- Castellano