Donostiara, «aurrekontu sozial, burujabe, parte hartzaile, feminista eta ekologisten alde»

Donostian egingo dute igandeko manifestazioa.

bidasoa.hitza.eus.- Bidasoko Eskubide Sozialen Kartak igandeko manifestaziora deitu ditu Irun eta Hondarribiko herritarrak. 12:00etan elkartuko dira, Alderdi Ederren.

Behe Bidasoako Eskubide Sozialen Kartak igandean (hilak 13) Donostian egingo duten manifestaziora animatu ditu eskualdeko herritarrak. 12:00etan elkartuko dira, Alderdi Ederren, «aurrekontu sozial, burujabe, parte hartzaile, feminista eta ekologisten alde».

«Bidasoa Eskualdeko Eskubide Sozialen Kartatik argi genuen urte gogorra zetorrela. Aurreko ikasturteko tendentziek argi erakutsi zuten, krisi sozio sanitarioren testuinguruan ufada neoliberal berri baten arriskua gero eta nabariagoa zela. Espainiako eliteekin interes komunak dituen Hego Euskal Herriko elite ekonomiko/politikoak argi eta garbi kapitalaren eta bizitzaren artean bizi dugun talka gordinean zein den bere apustua. Nori zor zaion», esan dute hedabideei bidalitako ohar batean.

Poliki bada ere, Irungo sektore asko lehen «shock egoera» horretatik ateratzen ari direla uste dute, eta aurrean dagoen arriskua ikusten hasi direla.

Bide batez, eskualdeko zenbait borroka gogoratu dituzte, Bidasoa «eskualde kontziente eta mobilizatua» dela egunerokoan erakutsi duten horiek. Besteak beste, pentsiodunek astelehenero San Juan plazara eramandako aldarria, Irungo Harrera Sarearen lana, gazteriaren zein mugimendu feministaren borroka edo osasungintza publikoaren defentsa nabarmendu dituzte. «Nahiz eta askok gure hiria “umore onaren hiri” bezala bakarrik erakutsi nahi izan, bada bizi dugun momentuaren kontzientzia historikoa duen eta beren eskubideak defendatzeko, arloka antolatzen ari den eskualde bat. Txiri-txiri ikusezina batzuetan eta agerraldi gero eta ikusgarriekin besteetan» erantsi dute.

Horregatik, Bidasoko Eskubide Sozialen Kartatikeskerrak eman nahi izan dizkiete denen eskubideen alde lanean ari diren langile eta herritar guztiei. «Bizitzen ari garen momentuaren larritasun eta garrantziagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da muga guztien gainetik kalera atera eta mobilizatzea ondasunak banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatzea bermatuko duen, bizitzak erdigunean jarriko dituen aurrekontu sozial, burujabe, parte hartzaile, feminista eta ekologista batzuen alde».

Ondorengo aldarriekin hartuko dituzte Donostiako kaleak:

  • Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. BPGaren %6 hezkuntzara eta %7a osasungintzara bideratzea exijituko dute.
  • Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.
  • Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea.
  • 1080 eurotako gutxieneko diru sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.
  • 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.
  • Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
  • Administrazio egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

Igandeko manifestazioari begira osatu duten bideoa, hemen ikus daiteke.

Etiquetas: