Oraindik ez du dokumentua aurkeztu, urte hasieratik prest duen arren.
Abotsanitz.- Agintaldi Plana, udal jardueraren oinarria beharko lukeen dokumentua, herritarrei ezkutatzen die EAJren udal gobernuak. Urte hasieratik esku artean dute jeltzaleek, baina ez dute konpartitu ez gainontzeko udal taldeokin, ezta herritarrekin ere.
Udal gobernuak 2019ko irailaren 20an esleitu zion Agintaldi Plana EKF Atest enpresari. 2020ko urtarrilean ordaindu zitzaion enpresari, hau da, hori baino lehenago entregatu zuen dokumentua. Baina harez geroztik udal gobernuak ez du planaren berri eman. Esan beharra dago, udal jarduerarako oinarriak jasotzen dituela planak, laurtekorako eginbideak. Agintaldi Planak gobernuaren bidea zehazten duen bezala, oposizioarena ere baldintzatzen du, gobernuaren jardueraren jarraipena baita oposizioaren lanetako bat.
Txomin Sagarzazuk alkatetza berretsi zuenetik urte eta erdi igaro da. Eta oraindik herritarrek ez dakite zeintzuk diren bere agintaldiko planak. Konparaketa erraza egitearren, Sagarzazuren aurreko aldian, Agintaldi Plana jaso eta hurrengo hilabetean aurkeztu zuen EAJk, 2016ko otsailean, gobernua osatu eta zortzi hilabetera. Oraingoan hamasei hilabete pasa dira, bikoitza. Sagarzazuk berak martxoan baieztatu zuen Aste Santurako aurkeztuko zutela. Bota kontuak.
Agintaldiko Planarekin bada aipatzeko moduko beste zerbait: kostua. Aurreko agintaldikoak 11.900 euroko kostea izan bazuen, oraingoagatik udalak ordaindu duen kopurua askoz altuagoa da: 18.101 euro, lau urte lehenagokoa baino %52 garestiagoa. Beste gainkostu susmagarri bat Hondarribiko EAJren kontratazio ilunen zerrendan.
- Egutegia
- 667 irakurketak
- Castellano