Pandemiaren osteko legealdi berria

Logotipo EH Bildu HondarribiaEH Bildu Hondarribia.- COVID-19 pandemiak agerian utzi ditu bizi dugun eredu sozio-ekonomiako ahuluneak: etengabeko hazkuntza ez da posible.

Hondarribiko ekonomian, azkeneko urteetan, turismoak hartu duen pisua gehiegizkoa da, badirudi jarduera ekonomiko oro hartzaile bilakatu dela. Ostalaritza, merkataritza, higiezinen agentziak, itsas kirolak, aholkularitza eta turismoari lotutako negozioak zabaltzen ari dira. Aztertu behar ditugu horrek guztiak ekarritako ondorioak.

Pandemiak oso modu gordinean erakutsi digu turismo eredu hori ez dela eutsigarria. Eredu berria behar dugu. Hondarribikoa Euskal Herriko arrantzaportu garrantzitsuenetakoa da, Gipuzkoako bigarrena. Gure lehenengo sektorea, arrantza eta nekazaritza oso utzita dauzkagu. Apenas daukagu industria eta zerbitzuen sektorea oso desorekatuta daukagu. Turismoari lotutakoa, hor nonbait, baina zerbitzu publikoen alorra, hezkuntza, kultura, musika, zaintza eta abar, oso ahula da.

Hondarribiko EH Bildu Udal Taldearen aburuz, krisi garaiak aukera garai gisa baliatu behar ditugu. Baliatu behar dugu sufritzen ari garen etenaldia orain arteko ereduaren okerrak zuzentzeko.

Pandemiak joan den urtean hasitako legealdia errotik hautsi du. Hasi behar dugu berriro.

Horregatik guztiagatik, PROPOSATZEN DUGU:

Hondarribiaren garapenerako mahaia osatzea. Udal gobernuak sustatu eta gidatutako mahaia non, alderdi politikoek eta hiriko eragile ekonomikoek, sozialek, kulturalek eta bestelakoek parte hartzen duten. Hau da, arrantzaleak ostalariak, denda txikien jabeak, alderdi politikoak, sindikatuak eta ardura duen ororekin, egoera berriak ahalik eta argien aurreikusteko eta behar diren ekimenak erabakitzeko.

Erronka latzak datozkigu. Ez dugu uste inork formula magikorik izango duenik baina justizia, berdintasuna eta zoriontasuna bilatzeko argi daukagu lankidetza, hiritarren parte hartzea eta gardentasuna direla ezinbesteko tresnak bihar etziko Hondarribia eraikitzeko.

Etiquetas: