LAB.- Gaur, uztailak 16, bigarren bilera egin du negoziazio batzordeak eta bileran agerian geratu da porrot egin duela Gipuzkoako metaleko hitzarmena desarautzeko ADEGIren estrategiak. Hainbat urtetan "legez kanpoko" gauzak eta legearen aurka zihozenak eskatzen genituela esan ostean, hau da, lan-erreformaren aurka ari ginela, ADEGI patronalak oinarrizko hainbat gauza onartu ditu, hala nola ultraaktibitate mugagabea, hau da, hitzarmenak indarrean jarraitzen duela beste batek ordeztu arte, enpresek ezin dutela alde bakarrez hitzarmena ez aplikatu edo Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna izatea, kontu hau lehen aldiz adostu baitzen grafikagintzako hitzarmenean, zortzi eguneko grebaren ondoren eta LABek gehiengo absolutua duen sektorean.
Horrek erakusten digu ez zela arazo juridikoa, borondate ezarena baizik. Lantokietako langileen antolaketari eta borrokari esker lortu dugu enpresetan jada lortutako aldarrikapen horiek orain sektoreko hitzarmenean jasotzea.
Edukiei dagokienez, LAB oso kezkatuta dago lanaldiari, berdintasunari, aldi baterako ezintasunen osagarriei, amiantoa enpresetatik desagerrarazteko neurriei, deskonexio digitalari eta abarri buruz hitz egiten jartzen duen betoak.
Era berean, erabateko zehaztasun falta dago azpikontratatutako langileen subrogazioaz, ABLEez eta soldata-igoerez hitz egiteko aukera zabaldu den gaietaz, ez baita testurik aurkeztu.
LABen ustez, funtsezkoa da langile guztientzako soldata-igoera duinak eta benetakoak lortzea, lanaldia murriztea, enpleguaren kalitatea hobetuko duten eskubideetan eta neurrietan aurrera egitea, hala nola azpikontratatutako langileen subrogazioa, istripuagatiko aldi baterako ezintasunak osatzea, ABLEak ezabatzea, gazteen kontratuak hobetzea, lan-osasuneko neurriak hartzea eta sektorean benetako berdintasuna bermatzea.
Hurrengo bilera uztailaren 24an izango da.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 734 irakurketak
- Castellano