Martxan da Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VI edizioa, “Askeak, ez ausartak” lelopean

PRENTSUARREKOA ASUN

Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketa.- Gaur aurkeztu da Asun Casasola VI. Kontakizun Lehiaketa, “Libreak, ez ausartak” lelopean. Bertan izan dira Asun Casasola bera, Berritzeguneko zuzendaria, Marivi Fernandez eta kontakizunen lehiaketako Joana Ochoteco eta Oihana Llorente antolatzaileak.

Indarkeria Matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko helburuz sortu zen duela zazpi urte Asun Casasola Ipuin Lehiaketa. Aurten aurrerapauso bat emango dugu Oarso Bidasoako Berritzegunearekin indarrak batuz.

2020 honetan, 12 urte bete dira Nagore Laffage erail zutenetik. Orduan hasi zen, Asunen, bere amaren borroka, eta gaur egun oraindik ere jende askorentzako eredu da. Atsedenik gabeko borroka hori aitortzen jarraitzeko helburuz ospatuko dugu ipuin lehiaketaren edizio berri hau, dagoeneko seigarrena eta aurtengoan, “Askeak, ez ausartak” izango dugu gai nagusia.

Lelo horrekin Emakumeon Mundu Martxari egin nahi diogu keinu. Zubi guztien gainetik! Mugarik ez! Transnazionalik ez! lelopean hasi zuten Emakumeen V. Mundu Martxa, gure herria eta Hendaia lotzen dituen zubian.. Edizio honetan, migrazioaren irakurketa dekoloniala egin nahi du Martxak. Indarkeria mota ezberdinak pairatzen ditugu emakumeok, eta gehiago batzen zaizkigu gure sorterri, arrazalizazio edo bizilekua kontutan hartuz gero. Indarkeria hauek barnebiltzen duen sistema patrialkalari pitzadurak eragiteko intentzioa du aurten mundu martxak. Eta bide horretan zubiak eta bideak eraikitzeko asmoa ere bai. Gure lehiaketaren aurtengo edizioarekin bat egin nahi dugu Mundu Martxarekin eta guk ere zubi izan nahi dugu zapalkuntza ezberdinei aurre egiten dituzten istorioak idaztera gonbidatuaz.

Zazpi urte pasa dira lehiaketa martxan jarri genuenetik eta urte hauetan 1000 ipuin baino gehiago jaso ditugu, adin guztietako pertsonek idatzitakoak, eta munduko hamaika txokotatik iritsi zaizkigu. Gure asmoa beti izan da, literatura bidelagun hartuta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egitea. Indarkeriarik gabeko jendartea irudikatzeko, borrokaren aurreko ikuspuntu positiboa aurkezten zuten ipuinak bilatu izan ditugu, eta hori izango da baita aurtengo edizioko helburua ere. Euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako ipuinak aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek, bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde bakarrekoa. Lanak originala izan beharko du, inolako euskarritan publikatu gabekoa eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa, ez dugu itzulpenik onartuko.

Lehiaketak lau kategoria izango ditu: helduen kategoria (bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz), 2004. urtera arte jaiotako pertsonentzako (hau da, 16 urtetik gorakoentzako); eta gazteen kategoria (bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz), 2004. eta 2010. urteen artean jaiotako pertsonentzako (hau da, 10 eta 16 urte arteko gazteentzako).

“Berdintasuna Amets”

Aurten, berrikuntza polit bat gehituko zaie lau kategoriei bide berri bat ibiltzera goaz.

Gure asmoa beti izan da, literatura bidelagun hartuta, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra egitea. Paper zuriaren aurrean hausnarketa hauspotu eta irudimena lagun, indarkeriarik gabeko jendartea irudikatzea. Helburu horretan, belaunaldi gazteenak beti bihurtu nahi izan ditugu aliatu, haiek izango baitira etorkizuneko jendarteko gizon eta emakumeak eta haiengan dugu berdintasunaren esperantzaren lekukoa.

Gazteengana hurbiltzeko gogoz ekin genion duela hiru urte Gazte Kategoriari. Hasieran 12 eta 16 urte eta ondoren 10 eta 16 urte bitarteko gazteen makina bat idazlan batu ditugu bide honetan. Aurten, baina, pausu bat haruntzago joan nahi izan dugu eta horretarako bidelagun aproposenak topatu ditugu bidean: Oarso Bidasoako Berritzegunea.

Eskualdeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketetako ikasleen parte hartzea sustatzen duen Berdintasuna Amets egitasmoa garatu dute hiru urtez. Bertan eskola, ikastetxe eta institutuetatik etorritako hamaika idazlan, artelan edota ikusentzunezko lan bildu dituzte, denak, beti, genero berdintasunaren aldeko aldarri gisa.

Orain, energiak batu, eta Asun Casasola ipuin lehiaketa eta Berdintasuna Amets egitasmoak eskutik harturik bide berri bat ibiltzera goaz Asun Casasola Berdintasun Amets proiektu berriarekin. Haur, nerabe zein gazteei begira bidea egin nahi duen proiektua da honakoa, kalean zein ikastetxeetan indarkeria matxistarik gabeko eta genero berdintasunaren aldeko jendartea irudimenean amestu eta errealitatean eraikitzeko.

Gaurko agerraldian kolaborazio honen berri eman nahi izan dugu eta horregatik dugu gurekin Marivi Fernandez Berriztzeguneko zuzendaria. Hala ere, ikastetxeetan aurrera eramango dugun egitasmo honen berri zehatzagoa hurrengo agerraldi batean emango dizuegu.

Sariak

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Iruñeako Katakrak liburu-dendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Katakrak liburu-dendak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte.

Epaimahaia

Aurten ere, gure epaimahaia emakumez osaturik egongo da, bere osotasunean. Hainbatek aurreko ediziotan ere parte hartu izan dute eta beste batzuk orain batu zaizkigu, baina guztiek dute feminismoarekin edo literaturarekin nolabaiteko harremanik.

Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugarte idazlea eta Ainara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain kazetariakiznago dira. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Marian Benitez eta Virgia Gasul Idazlea. Gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango ditugu, eta

gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Lopez.

Epeak

Datorrren asteazkenean, azaroaren 25ean, Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko egunarekin batera zabalduko dugu ipuinak aurkezteko epea. Parte hartzaileek 2021eko otsailaren 10era arteko epea izango dute ipuinak aurkezteko. Orduan hasiko da epaimahaikideen lana eta martxoaren 8ra arteko epea izango dute irabazleak aukeratzeko. Egun horretan iragarriko dugu irabazleak zeintzuk izan diren eta zein egunetan ospatuko dugun sari-banatzea.

Ipuinak “asuncasasolaipuina(arroba)gmail.com” posta elektronikoko helbidera bidali ahal izango dira, edo posta arrunta bidez, ondorengo helbidera:

BDS koop.
Aixin Zolua Ibilbidea, 5
20304 Irun, Gipuzkoa.

Informazio gehiago

Informazio guztia eta lehiaketaren oinarriak www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean eskuragarri daude.

Etiquetas: