Irungo EH Bilduk hezkuntza arloa indartzea eskatu dio udalari

Foto: http://www.fernandomorillo.eu

Irungo EH Bildu.- Hasi berria den ikasturtea berezia eta zaila izaten ari da hezkuntza komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle, gainerako langile eta familientzat. Jakin badakigu sekulako ahalegina egiten ari direla COVID-19ak sortutako osasun egoerari aurre egiteko eta EH Bildutik gure animorik handienak bidali nahi dizkiegu.

Koronabirusak sortutako krisiaren ondorioz inoiz baino argiago geratu da sistema publiko indartsua ezinbestekoa dela. Hezkuntzaren kasuan erakundeei dagokie ikasturte berriarekin batera sortu diren kezka, zalantza eta ziurgabetasunei erantzun azkar eta egokia ematea, egoera zailaren zama ezin baita hezkuntza komunitatearen bizkar utzi.

Jakin badakigu Irungo udalak hainbat neurri hartu dituela: 30 espazio publiko egokitu eta ikastetxeen esku utzi ditu eta ikasleei maskarak banatu dizkie. Begi onez hartzen ditugu aipatutako neurriak baina gehiago egin behar delakoan gaude. Esaterako eskolei zuzendutako udal programa eta ekimen guztiak indartu behar dira zentroetako zuzendaritzekin koordinatuta, eta noski, segurtasun neurri guztiak hartuta.

Hortaz, udal hezkuntza arloaren esku beharrezkoak diren baliabideak jartzea eskatzen diogu Irungo udalari. Jakin badakigu udalak dituen eskumenak urriak direla, baina eskumen hauek muturreraino eramateko unea da, ahalegin guztiak egiteko garaia dela uste dugu. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzari bere lana egin dezan, eta giza zein ekonomikoak diren baliabideak handitzea galde egiten diogu.

Argi dago, beraz, COVID19ko garai zail hauetan udalaren eta ikastetxeen arteko harreman zuzena izatea ezinbestekoa izango dela, batik bat, sor daitekeen edozein arazoren aurrean erantzun azkar eta egokia emateko. Eta hau dela eta, EH Bildun erabaki dugu urrats bat gehiago ematea, eta hezkuntzaren arloa indartzea eskatu dugu erregistro bidez. Jendarte eta komunitate indartsua nahi badugu zerbitzu publikoak indartzen jarraitu beharko dugu.

Etiquetas: