Irungo EH Bildu, azaroak 25, Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko egunaren harira

punto lila

EH Bildu.- Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; gainera, indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna da, eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean.

Horregatik, egun honetan erakunde publikoek, borroka horretan duten lehentasunezko eragile-izaera berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar dituzte.

Aparteko une batean bizi gara. Osasun-egoerak foku guztiak bereganatu ditu eta gure bizimoduan eragin handia izan du. Egoera zaurgarrian dauden pertsonak bereziki kaltetuak izan dira, horien artean indarkeria matxistaren biktimak. Konfinamenduan emakumeek pairatu duten egoera modu bortitzagoan azaleratuko da aurrerantzean. Aurreko krisietan gertatu zen bezala, jendarte-estres handiagoak eta jendarte-gehiengoen bizitzaren prekarietate orokorrak erasotzaileen indarkeria areagotzea ekarriko du, eta emakumeek autonomia gutxiago izango dute erabakiak hartzeko.

Orain, lehentasunezkoa da jakitea, indarkeria matxistari dagokionez, nola eragiten dien krisi honek emakumeei, haien seme-alabei, … Litekeena da indarkeria matxistak beste bazterkeria- edo indarkeria-elementu batzuekin elkarreragiten duen kasu konplexuagoei erantzuteko beharra areagotzea. Izan ere, emakumeengan zuzenean eragindako indarkeriaz gain, krisi honetan beste indarkeria-mota batzuk areagotuko dira, hala nola ekonomikoa. Erakundeen betebeharra da emakume eta seme-alaba guztiek beren egoerarako arreta egokiena jasotzen dutela bermatzea.

Krisia ezin da aitzakia izan aurrekontuak izozteko edo murrizteko. Indarkeria matxistaren pandemiak lehentasuna izaten jarraitu behar du, eta, beraz, prebentzioa lantzen jarraitzeko, arreta egungo egoerara egokitzeko eta erreparazioa alde batera ez uzteko beharrezkoak diren baliabide guztiak konprometitu behar ditugu.

Eta, beti bezala, mugimendu eta aditu feministen eskutik egin behar dugu aurrera. Gogoan ditugu, halaber, aurten Euskal Herrian hil dituzten 4 emakumeak, denak konfinamenduaren hilabeteetan. Lanean jarraitu behar dugu, denok, horrelakorik berriro gerta ez dadin. Errealitate sozial larria da, guztion ardura da, ezin dugu eta ez dugu beste alde batera begiratu behar. Erakundeek erantzukizun berezia dute horretan.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten alde lanean jarraitu dugula. Bukatzeko esan bat egiten dugula mugimendu feministak azaroaren 25aren harira deitutako ekimenekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu horietan parte har dezan.

Etiquetas: