Elkarrekin Podemos IU.- Abuztuko azken aste honetan, gure hiriko hainbat merkatarik espero ez zuten kolpea hartu dute; izan ere, Irungo Udalak duela bi hilabete Irun Aurrera neurri-sortaren bidez gure hiriko merkatariei emandako laguntzak ez ziren bateragarriak Eusko Jaurlaritzak helburu bererako emandako laguntzekin.
Beraz, Lanbideren atarian gaueko hamabietan laguntza bat lortzeko zabaldu zen lehiaketan norbait behar bezain azkarra izan bazen, baina emandako laguntza iristen ez zela ikusita, bere Udalaren laguntza eskatu eta jaso bazuen, eta orain, hiru hilabete geroago, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jaso badu, diru-zorroa prest izan beharko du, Udaletik dei egingo baitiote laguntza itzultzeko eskatuz. Badirudi Irun Aurrera batzuetan Irun Atzera bihur daitekeela.
Elkarrekin Podemos Ezker Anitzatik biziki deitoratzen dugu krisi garai hauetan merkatariek bizi duten egoera kafkianoa, eta are gehiago deitoratzen dugu erakundeetatik ematen ari zaien erantzun deskoordinatua, neurriak gainjarriz eta pairatzen dituzten behar askori erantzunik eman gabe. Gure aldetik, Udal Gobernu Sozialistari eskatu diogu berrazter dezala zenbateko horiek berreskuratzeko modua eta erraztasunak eman ditzala arrazoizko epe baten bidez eta zenbatekoak zatikatuz. Ez dezagun ahaztu laguntza-eskaera horien atzean pertsona asko daudela, oraindik ez dakitenak nola aterako diren egoera honetatik, eta laguntza horiek hozkailua betetzeko erabili dutela, eta ez beren poltsikoak betetzeko. Zorionez, badirudi gobernu taldeak begi onez ikusi duela gure eskaera.
- Egutegia
- 667 irakurketak
- Castellano