Tapia Legeari ez!!!

imagen

NATURKON.- NATURKON koordinakundean biltzen garen Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistok bat egiten dugu, ARABA BIZIRIK eta Bizkaiko Sukar Horiak erakundeek, Tapia kontseilariak Ingurumen Legean egin nahi dituen aldaketen aurrean egindako salaketekin. Salatzen duguna hauxe da: EAJ alderdiak Eusko Jaurlaritzan eta Legebiltzarrean duen gehiengoa baliatuz, eta interes orokorraren aitzakiarekin, Ingurumen Legean aldaketak egiteko azpijokotan aritzea Lurraldeko eta Tokiko Gobernuen (Foru Aldundiak, Udalak, Mankomunitateak eta Kontzejuak) eskumenak gaindituz, Jaurlaritzaren interesak inposatu ahal izateko.

EAJk Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 30eko 4/1990 Legeari proposatutako gehikuntza zuzenketek lurralde antolamenduko plangintza etetea dakarte, helburu bakarrarekin: udalek baztertu ahal izan dituzten azpiegituren plangintzen onespena Eusko Jaurlaritzaren esku bakarrik uztea. Aldaketa hauek gauzatuko balira, lehendik gutxietsia dagoen eta ia anekdotikoa den herritarren parte-hartzea ez ezik, EAJk hainbeste aldarrikatzen duen ko-gobernantza ere kaltetuko litzateke, herritarrok politikarien ekintzak fiskalizatzeko dugun aukera galduz. Gaur egun, nahiz aukera gutxirekin, legedia betetzen ez duten proiektuak salatu ditzakegu. Lege aldaketa horren ondoren oso nekez. Eta nola ez, natur ingurunea babesten  duen arau oro ere balizko lege honen menpe legoke. Horrela, natur ingurunea babestu eta mantetzeko helburuz izendatutako Natur Parke, Biotopo, KBG, Natura 2000 eta beste edozein babes izendapen, ezarri nahi duten “Goi mailako interes publikoko proiektuen izendapenaren” pean, sasi interes orokor horren menpe geratzen da.

Gure ustez, lurraldearen eta bioaniztasunaren zaintzak lehentasunezkoak dira administrazio publikoaren jardunean eta, betebehar horri erantzuteko, ingurune naturala irabazi ekonomikoak eskuratzeko aukera gisa ikusten duen begirada suntsitzailea baztertu beharko luke.

EAJk bideratu nahi duen gobernantza-eredu horrek atea irekiko dio, interes orokorraren izenean, tokiko Gobernuen bizkar, azpiegitura industrialak nahieran egiteari; inoiz baino argiago dagoenean, interes orokor horren atzean enpresen interesak baino, ez daudela.

EAJk bertan behera utzi du hain garrantzitsua den eta adostasunera iristeko hainbeste denbora eskatu duen Lurraldearen Antolamendurako legearen aurreproiektua. EAJ, PSEren konplizitatearekin, gehiengo osoa baliatzen ari da, bide demokratikotatik urrunduz, bere intereseko proiektuak inposatzeko, parte-hartze prozesuak eta eztabaidak eragotziz, eta modu diktatorialean jokatuz.

Andoni Ortuzarrek, Forondako zelaietan, jarduteko era berri bat ireki zela iragarri zuenean, EAJk entzuketa aktiboa egingo zuela esanez, hainbatek uste izan genuen Euskadin kogobernantza- eredua demokratiko eta aurreratua ezarri nahi zutela. Berriki, Bilboko BECen, berriro ere gizarteari entzuteko prozesuak aipatu ditu Ortuzarrek.

Zoritxarrez, inozotzat gauzkate. Boterearen errutinan ezarrita dagoen EAJ alderdia harrokeriaz ari da beste behin. Legea onartzen bada, ez udalek, ez mankomunitateek eta ezta kontzejuek ere, ezin izango dute EAJren makroproiekturik eragotzi.

Horrelako aldaketa burutzen bada, Gasteizek berriro ere FRACKINGaren mehatxua izango du ate aurrean; kontzejuek eta udalek, zentral eoliko edo fotoboltaikoek eraikitzeko lur komunalen desjabetzeari edo AHTaren trazadurari ezingo diote aurre egin, berriro ere lehen genituen mehatxu berak izango ditugu aurrez aurre. Horrez gain, badira beste mehatxuak ere: Gipuzkoan eta Bizkaian erraustegiak jartzeko proiektuak edo Nafarroa eta Gipuzkoa lotu nahi dituen goi-tentsioko sarea, kirol portuak edo Pasaiako superportua berpiztu litezke. Guzti horiek, Eusko Jaurlaritzak dituen lehentasunen adibide garbiak dira.

Bere garaian aho batez onartutako Lurraldearen Antolamendurako Legean lortutako adostasuna errespeta dadila eskatzen dugu. Arantza Tapia sailburuak, EAJk lege honetan aurkeztutako zuzenketak onartzeko eta gehitzeko izapideak geldiaraztea eskatzen dugu, orain arte lortutako adostasunaren aurkako eraso argia direlako. Argi eta garbi erakutsi dute, industriaren interesak ingurumen eta gizartearen interesen gainetik jarri nahi dituztela.

Tapia legeari EZ!

Etiquetas: