Euskararen Egunean hitzetatik ekintzetara

irudia

Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteko Euskara Taldea.- Euskararen Eguna dela eta, euskararen erabilera guztion ahotan den honetan, Txingudi Ikastolako Guraso Elkartetik hitzetatik ekintzetara jauzia emateko garaia dela aldarrikatu nahi dugu. Itxaropentsu hartzen dugu Irungo Udalak ekin berri duen 'Kalean Bai' programaren berritze prozesua.

2003an martxan jarri zenetik, hiriko 64 elkartek bat egin izan badute ere, paper bustia eta jarraipenik gabeko konpromiso hutsa besterik ez da izan orain artean. Eta borondate partikularretatik aparte, ez du Irungo haur eta gazteen eskolaz kanpoko jardueretan euskara bermatzeko balio izan. Gaur da eguna, hirian dauden 8.000 bat ikasleek eskolan ikasitako hizkuntza praktikari, kanpoko jardueretan jarraipena ematea ezinezkoa dutela. Eta honek ama hizkuntza euskara dutenak erdalduntzera jotzen dituen bitartean, euskalduntze prozesuan direnengan eragin zuzena du gero, euren hezkuntza prozesuan eta eskola emaitzan. Euskara maila egokia ez baita soilik eskola orduekin lortzen.

Azken urteetan hainbatetan saiatu gara Udala zentzu honetan neurriak hartu, hizkuntza politika ausartagoak egin eta ekintza berriak bultza ditzan. Baina Jose Antonio Santano alkateari idatziz eta bileretan luzatutako azken eskaeren aurrean, honek «Udalak martxan dituen programekin, euskararen erabilera bultzatzeko aski egiten dela» erantzun zigun. Haatik, errealitateak beste zerbait adierazten du. Siadecok egindako azken kale-entzuketa inkesten arabera, irundarren %60a euskalduna edo sasi-euskalduna bada ere, %8 eskax batek erabiltzen baitu egunerokoan. Eta haurrek nahiko balute ere, eskolaz kanpoko jardueretan ezinezkoa lukete gaur egun euskaraz jardun. Izan kiroletan, izan kultura edota aisialdi proposamen gehienetan, Udaleko Euskara Zerbitzuak espreski antolatutako 'Haurrak Parkean' bezalako jardueretan ez bada, edota euskalgintzak propio antolatutakoak, erdarara lerratzen baitira, beti eta denetan. Elkarte eta eragileen eskutik diren horietan, borondatearen baitan geratzen delako.

Eragile horiei guztiei oroitarazi nahi genieke, eurek ere, haur eta gazteen hezkuntza prozesuaren parte aktiboa direla. Eta euskara nola edo hala ez bermatzeak, ondorio zuzenak dituela haur horien ikasketetan. Ez da kasualitatea, EAEko ikasleen %41ak ikasketak burutzeko euskara maila nahikorik ez izatea gaur egun. Eskolakoak eta eskolaz kanpokoak giltzarri direlako. Elkar elikatzen direlako, euskara hezkuntza tresna hutsa bilaka ez dadin. Gurasoek ere, gogoan euki beharko lukete noraino garrantzitsua den euskara futbolean, eskubaloian, dantzan, abesbatza saioetan eta edozein jardueretan ere bermatzea.

Orain, aldiz, udal gobernu koalizio berria dago udalean. Eta badirudi 'Kalean Bai' programa 18 urte eta gero berraktibatzeaz gain, helburu eta asmo berriekin jantzi nahi dutela. Eta momentuz, soilik 25 urtez azpiko haur eta gazteekin ari diren 21 elkarte batu badira ere, dinamika berri bat sortu nahi dela. Txingudi Ikastolako Guraso Elkartetik hurbiletik jarraituko dugu honen garapena, benetan eraginkorra izan dadin itxaropen osoz. Denon onerako izango baita. Hala ez bada, paper hutsean geratuko bada, denbora, ahalegin eta aukera galdu berri bat izango baita.

Anartean, Udalari urteotan luzatutako eskaerak behingoz aintzat har ditzala, eta elkarlanetik bururaino eramateko ardura eta ausardia erakuts dezala eskatzen jarraituko diogu. Haatik, argi dugu administrazioa akuilu lanak egiteko ezinbesteko tresna bada ere, ez dela euskararen erabilerak Irunen duen egoera kezkagarria iraultzeko arduradun bakarra. Horregatik, gure hezkuntza komunitatearen izenean Udalarekin, eta bereziki, hiriko elkarteekin eta eragileekin zubiak eraikitzeko lan egingo dugu datozen hilabeteetan, euskararen olatuan murgildu daitezen. Erronka ez da txikia. Baina haur eta gazteen onerako da. Baita irundar guztien hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen jendarte hobeago bat lortzeko ere.

2021eko abenduaren 3an

Etiquetas: