Irungo adineko bikote baten kontrako etxe kaleratzea agindu dute

 Stop Kaleratzeak. Artxiboko irudia.

argia.eus. Amaia Lekunberri Ansola.- Stop Kaleratzeak Gipuzkoak salatu du Irungo 75 eta 78 urteko bikote baten aurkako etxe kaleratze agindua. Etxe kaleratze aginduaren atzean Sabadell banketxea eta honentzat lan egiten duen Solvia higiezinen-agentzia daude. Elkarretaratzea deitu dute asteartean, bankuak Donostian duen sukurtsal batean aurrean.

Stop Kaleratzeak Gipuzkoa, Alokairu Benta Berri eta Inquilinos Azora dira asteartean egindo den elkarretaratzearen deitzaile. Sabadell banketxeak Donostiako Askatasunaren hiribidean duen sukurtsalaren ateetan mobilizatzera deitu dute, 11:00etan, salatzeko banketxearentzat lan egiten duen Solvia higiezinen-agentziak adineko bi pertsona etxe kaleratu nahi dituela Irunen.

Kale gorrian geratzeko arriskuan dagoen adineko bikotea abal-emailea da beren semearen hipotekan, eta hark hipoteka-maileguak ordaindu ezin izanaren ondotik, gurasoen aurkako etxe kaleratzea agindu dute. Tartean da Solvia, hipoteka ordaindu ezinagatik agintzen diren hipoteka exekuzioen bitartez Sabadell bankuak eskuratzen dituen etxebizitzak kudeatzeaz arduratzen den higiezinen-agentzia. Elkarretaratzera deitzaileek azaldu dutenez, adineko bikoteak beren semearen hipotekan abal bezala jarri zuen osorik ordaindutako beren etxebizitza, eta ordainean eman behar izan dute beren jabetzakoa zen etxebizitza. Ondotik, luzapenik gabeko hiru urteko alokairu soziala sinatu zuten, eta urtarrilaren 24an amaitzen da. Stop Kaleratzeak azaldu duenez, Solviak irailaren 1ean jakinarazi zien urtarrilaren 24an utzi behar zutela beren etxebizitza.

Stop Kaleratzeak Gipuzkoak salatu duenez, Sabadell eta Solvia bikotearen egoera zaurgarriaren jakitun dira, Irungo Gizarte Zerbitzuen txosten sakona helarazi baitzitzaien. Hori jakinda alokairu kontratua berritzeko eskakizunari ez erantzun izana gaitzetsi dute.

Etiquetas: