EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala klima-aldaketari aurre egiteko anbizio gutxikoa dela uste du Eguzkik; hori dela eta, alegazioak aurkeztu ditu

Eguzki

Eguzki.- EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapen dokumentua izapidetzen ari da Eusko Jaurlaritza. Helburua da Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea planifikatzea, Jaurlaritzak dituen eskumenen arabera, eta batez ere dagoeneko nabaritzen hasiak diren klima-aldaketaren ondorioak kontuan izanda.

Klima-aldaketa da ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arrisku handiena jendearentzako, epe ertain zein luzean, eta Euskal Herriak, Europak eta mundu osoak bezala, premiazko neurriak hartu behar ditu bere ekonomia eta gizartea egokitzeko. Gainera, klima-krisialdia ez ezik basa-bizitzan dagoeneko oso ondorio larriak izan dituen biodibertsitate-krisialdia ere badago.

Jaurlaritzaren Plan berriak ordezkatuko du 2007tik indarrean dagoen Plana. Praktikak erakusten du azken hamalau urteotan Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean oso erabilera intentsiboak egin direla… etxebizitzak, turismoa, azpiegiturak, arrantza, portuak… Are gehiago, ingurumena eta biodibertsitatea kudeatzeko politikak ere gogorrak izan dira eta ondorioak, latzak: portu-handitzeak, energia-azpiegiturak, lehorretik etengabeko isurketak itsasoan, arrantza intentsiboa eta abar.

Eguzkik uste du Plan berriak ez duela behar beste sakontzen klima-larrialdiak eskatzen duen norabide-aldaketan. Horregatik, hainbat alegazio aurkeztu ditu:

  • 1. alegazioa: helburu orokorrak lortzea eta Planaren aplikazio-maila ebaluatzea.
  • 2. alegazioa: itsasertzeko urak kutsatzeari buruzkoa.
  • 3. alegazioa: Natura 2000 Sarea itsasoan handitzea. Azpiegitura berdea.
  • 4. alegazioa: EAEko itsas ingurunean energia eolikoaren garapenari buruzkoa.
  • 5. alegazioa: padurak eta duna-sistemak handitzeko proposamena.
  • 6. alegazioa: itsasertzean itsaspeko meatzaritza debekatzea.

Joan den udan, maíz, bainua behin-behinean debekatu behar izan da hainbat hondartzetan. Debeku horiek gehienetan lotuta daude herrietatik zein industrietatik egiten diren isurketa kutsakorrekin. Urdaibaiko edota Pasaiakoak bereziki lotsagarriak iruditzen zazikigu, baina, egia esan, ia-ia nonahi egiten dira. Oraindik gabezia handiak daude saneamendu alorrean.

Planak Natura 2000 Sarean eremu gehiago aurreikusi behar ditu. Izan ere, Hegaztien Zuzentarauaren (1979) eta Habitaten Zuzentarauaren (1992) eranskinetan ageri diren hainbat espezie babestu eta habitatak badaude gure kostaldean. Egia esan, itsas babesari dagokionez, Bizkaiak eta Gipuzkoak basamortu izaten jarraitzen dute. EBko estandarrei erreparatuta, azken putz gara.

Energia eolikoa itsasoan garatzen hasi baino lehen, Eguzkik eskatzen du Planak behar diren jarraibideak jasotzea, lehenik eta behin eta aldez aurretik eta lehentasunez bete daitezen itsas biodibertsitatea babesteko nazioarteko ratioak eta konpromisoak. Kontuan izan behar da Jaurlaritzak itsasoko biodibertsitatearen babesa kudeatzeari historikoki uko egin izan diola eta amore eman izan duela sektore pribatuek, hala nola arrantza-sektoreak edo portu-azpiegiturekin eta antzekoekin lotutako industriak, eginiko presioen aurrean.

Planak auarreikusten du 155 hektarea padura bakarrik berreskuratzea hainbat estuariotan, itsasoaren igoeraren ingurumen-ondorio jakin batzuei aurre egiteko. Eguzkiren ustez, motz geratzen da, oso motz. Eskatzen dugu padura eta dunak lehengoratzeko proposamenak nabarmen handitzea eta zabaltzea, estuarioak artifizializatzeko prozesu historikoen ondorioak, ahal den neurrian, behintzat, lehengoratzeko.

Ez dakigu zehatz-mehatz zenbateko eragina izan dezakeen itsaspeko meatzaritzak, oraindik itsas ekosistemak ez ditugulako behar bezala ezagutzen, baina badakigu eragin hori sekulakoa izan daitekeela biodibertsitatean zein geodibertsitatean, kate trofikoan zein gure elikaduran. Gauzak horrela, itsaspeko meatzaritza debekatzeko eskatu du Eguzkik.

Etiquetas: