Hiriko Mugikortasun Jasangarria

Logotipo EH Bildu Hondarribia

EH Bildu Hondarribia.- Jakin berri dugu Sonia Herce Amuitz Hondarribiko Merkatarien Elkarteko idazkaria hil dela. Hunkituta gaude, gertakari lazgarria da eta galera izugarria. Bihoakie Soniaren senideei, lagunei eta Hondarribiko merkatariei gure dolumina.

Egunotan kaleetan bizi-bizi eztabaidatzen ari da Hondarribiko Tokiko Gobernuak Portua auzategian mugikortasun iraunkor eta seguruaren aldeko proiektua aurkeztu zuen irailaren azken egunean. Proiektuak hiritar askoren kezka eta haserrea piztu du; alde batetik, egin den moduagatik: Tokiko Gobernuaren erabaki alde bakarrekoa izan delako. Beste aldetik, proposatzen diren neurriak zorrotzak direlako eta oso arin arrazoitu direlako.

EH Bilduko Udal Taldeak 2019-10-30 datako udalbatzan Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana-HMJP proposamenari aldeko botoa eman zion, plana, bada, aho batez onartu zen. Udalbatza hartan ikuspegi kritikoa agertu bagenuen ere, uste genuen, eta uste dugu Hondarribiak mugikortasun plana behar duela.

Horiek horrela, Hondarribiko EH Bilduko Udal Taldeak Hondarribiko Tokiko Gobernuari eskatzen dio lortutako oinarrizko kontsentsua ez urratzea eta Mugikortasun Plana ezartzeko ahalik eta parte hartze zabalena bilatzea. Ez zaigu nahikoa iruditzen portua auzategian trafikoa arintzeko hartu berri den erabakia, adostasunik gabe ez da arazoa konpontzen.

Ohar xume honen bitartez, berriro ere, gure samina adierazi nahi dugu Soniaren zorigaiztoko heriotzagatik. Gugan bego.

Etiquetas: