LABek greba deitu Gipuzkoako egoitzetan maiatzaren 20rako, lan baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko

Cartel

LAB sindikatua.- Covid-19ak sortutako osasun krisi honek, modu bortitzean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza eta bidegabea izan arren egoerak berdin jarraitzen du langileentzat, 2012 urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta ratio eznahikoekin.

Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia AGENDA 30 trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen programa bat lantzen ari da, baina ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen benetako eta arazo larriei buruz, hau da, ratio eznahikoak izateagatik langileen lanaren kalitatea eta egoiliarren bizi kalitatean eragin zuzena duen egoerak.

Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin?

Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?

Ez dugu ahaztu behar langileak lanera joateagatik gaixotzen ari direla, lan karga eta lan erritmoek handitzen jarraitzen dutela eta enpresetan ez direla egiten legeak behartzen duen lan arriskuen ebaluazioak.

Ezin dugu onartu egoiliarrek eta langileek bizi duten egoera gogor hau denbora gehiagoan luzatzea, denon ardura delako zaintzan oinarrituta dagoen zerbitzu sozial hau defendatzea, jendartearen ardura delako pertsona hauen ongizatea.

Helduen egoitzetako langileek urte larregi daramate beraien eskubideen defentsan borrokan nahiz eta euren greba eskubidea %100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratuta izan den. Bizi duten egoera latz honen aurrean tinko helduko diote borrokari. Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da eta horregatik dei egiten dizuegu egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.

Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hau lortzeko Gipuzkoako gizarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da.

Etiquetas: