LAB Mobilizazioa Irun–Hendaian: Arrazismoaren aurkako mobilizazioa, arrazista?

Foto de la acción

Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen Sarea.- Ekainak 12, larunbata, LAB sindikatuak manifestazioa egin zuen Irunen (Gipuzkoa) MUGAK APURTU, ZUBIAK ERAIKI lelopean mugetako migrazio politikak salatzeko. Mugimendu feministak gauza bera egin zuen 2020ko urriaren 17an eta martxoaren 6an. Duela hiru aste, haien jazarpena salatuz eta Irungo mugan harrera duina eskatuz migratzaileei laguntza eman duen HARRERA SAREA erakundeak ere gauza bera egin zuen.

Gertatutakoaren ondorioz, LAB sindikatuak antolatutako manifestazioan BLACKFACE praktika arrazizta erabili izana salatu nahi dugu. Manifestazioko partaide batzuk maskara eta eskularru beltzak erabili zituzten, mozorro bat bailitzan. Gure azala erabiltzeari uzteko eskatzen dizuegu. Ez al dakizue norberarena ez den azal kolorea erabiltzea arrazista dela? Zuen praktikak berrikustea eta birpentsatzea eskatzen dizuegu, komunitate arrazializatuarentzat iraingarria delako, komunitate beltz eta afroondorengoentzat batez ere.

Mugak ez dira suntsitzen eta zubiak ere ez dira berez eraikitzen, errekonozitu egin behar da arrazakeria sozial eta instituzionalaren aurka beraien gorputza kolokan jarri duten pertsona migratuen erakunde antiarrazistek eta bestelako Euskal Herriko kolektiboek egindako borroka eta lana.

Mugak migratzaileentzat arazoa dira, baina migratzaileek muga zeharkatzen dutenean arazoak ez dira amaitzen, izan ere, etengabeko segurtasun eza, zaurgarritasuna eta bizitzaren prekarietatea daude Espainiako eta Frantziako estatuetan immigrazio legeen ondorioz, eta bidean zure burua arriskupean dago: jazarriak, atxilotuak eta jatorrizko lurraldera deportatuak izateko arriskuan. Salbatzaile zurien hitzaldi onak ez ditugu nahi, datuak eta konpromisu zehatzak nahi ditugu.

Zuek, sindikatua bezala, zer datu zehatz eskain diezagukezue? Gizarteari eta zuen afiliatuei nola zuritzen diezue arrazakeriarik gabeko euskal gizartearen alde lanean ari zaretela? Zenbat pertsona eta baliabide ekonomiko bideratzen dituzue arrazakeriaren aurkako borrokarako? Non egon zarete orain arte, zuriak ez garenok eraso arrazistak, poliziazkoak eta egiturazkoak, Euskal Herrian salatzen ari ginenean? Zer ari zarete egiten arrazakeria instituzionalari aurre egiteko?

Kolektibo migratzaile eta arrazializatua garen aldetik eskatzen dugu, arrazakeriaren aurkako gizarte baten aldeko apustua egin nahi baduzue, enplegu prozesu selektiboetan jatorriagatik edo arrazagatik diskriminaziorik eza bermatuko duten politika publikoen alde lan egin dezazuen; administrazio egoera irregularrean daudenen lan baimena lortzearen alde borroka egin dezazuen; zuen sindikatuan langile migratzaile eta arrazializatuei lana ematea langile zuriekiko enplegagarritasunaren aldea murrizteko; arrazalizatutako migratzaile gehienek lan egiten duten talde prekarioetan sindikalizazioa errazteko lan egin dezazuen.

Arrazakeriarik gabeko gizartea eraikitzeko bide gogorrean gaude. Premiazkoa da pentsatzeko, sentitzeko, aktibismoa egiteko, unionismoa eraikitzeko eta “munduan egoteko” pertsonalki, komunitatean, politikoki eta sozialki “beste” modu batzuk sortzen jarraitzea. Horrek gure praktika politikoak etengabe berraztertzea eskatzen du botere egitura arrazista eta kolonialak, jakin gabe ere, sendotu ditzaketelako.

Azkenik, Emakume* migratuen eta arrazializatuen Sareak Mundu Martxaren V. ekintzaren edukien txostena prestatzen parte hartu zuen, hau irakurtzea ezinbestekoa dela uste dugu. Horregatik, txostena irakurri eta zuen praktika arrazistetan sakontzen hastera gonbidatzen zaituztegu. Hemen uzten dizuegu esteka, deskargatzeko.

Etiquetas: