Bisadoako-Hitza. Asier Perez-Karkamo.- Hilaren 26a egun berezia izango da Irungo Harrera Sarearentzat. Egun horretan manifestazio nazionala egingo dute, 17:00etan Ficoba erakustazokatik abiatuta. Migratzaileei babesa adieraztea da xedea eta jende asko espero dute, Euskal Herriko zenbait lekutan autobusak antolatzeko asmotan baitira, Irunera hurbiltzeko.
Etorkinei ez ezik, sareari berari esker ona adierazteko ere balioko du ekitaldiak. Iazko uztailetik gaurdaino, astelehenetik igandera, egunean 24 orduz, eskualdera iritsi diren pertsonen iparrorratza izan da sarea. Modu batera edo bestera 150 boluntario ari dira bertan lanean, irundarrak gehienak, baina baita Hondarribikoak, Hendaiakoak eta haragokoak ere. “Zerutik eroritako aingeruak” dira, etorkinen hitzetan.
Bakoitzak ahal duenetik eragiten du sarean, hori da arrakastaren gakoa. Eta espiritu horri jarraiki, hainbat kultur diziplinatan ari diren zenbait pertsonak proiektu bat abiatu dute, sarearen lana ikustarazteko. Abesti bat grabatzen ari dira, eta irudiak biltzen hasi, bideoklip eta film labur bana argitaratzeko.
Sergio Patxuko Ordoñez dago proiektuaren abiapuntuan, Patxuko Nice taldeko abeslari irundarra. Berarekin, Oier Guillan poeta errenteriarra, Aitor Vitoria eta Oskar Marcos zinegile hondarribiarrak, eta Jon Mari Beasain (Patxuko Nice, Esne Beltza) gitarrista ereñozuarra elkartu dira proiekturako. Eta beste pertsona batzuen laguntza izaten ari dira, horien artean, Aneka grabazio-estudioko arduradun Peio Gorrotxategirena, eta zenbait kazetarirena.
Indarra, osotasunean
Iazko urriaren 6an jaio zen proiektua, nolabait, Hondarribiko Fenomena Rock Jaialdian. Antolatzaileek, Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldearekin elkarlanean, bazkari solidarioa egin zuten, sarearentzako dirua biltzeko. Hilabete batzuk lehenagotik buruan bueltaka zeukan gaiari heltzea erabaki zuen abeslari irundarrak egun horretan. “Askotan joan behar izaten dut Hendaiara, eta beroan egindako itzulketak ikusi izan ditut, jendarmeek migratzaileak zubian nola uzten dituzten”, azaldu du. Bere etxetik gertu, Martindozenea aterpetxearen kanpoaldean, oso bestelako moduan ikusi ditu etorkinak: “Gauez txakurra parkera ateratzen dudanean irribarre batekin agurtzen naute. Gu edozer huskeriagatik haserretzen gara, eta beraiek, pasatzen ari diren dramarekin, barruraino sartzen zaizun irribarre batekin agurtzen zaituzte. Itzela da”.
Zerbait sortu beharra zuela eta musikari lotua bakarrik ezin zela izan erabaki zuen Ordoñezek: “Ez zen izango Patxuko Niceren abesti bat eta listo. Osoagoa behar zuen”. Eta besteengana jo zuen. Azkar sortu zen taldea. “Denok ikusten genuen gauza bera, eta bakoitzak bere ikuspuntua emango dio, bakoitzak bere sorkuntza egingo du”, nabarmendu du abeslariak. Jon Mari Beasain bat dator ideia horrekin: “Beste arlo batzuetako jendea biltzean, osotasuna ematen diogu, eta osotasun hori mezua zabaltzeko baliagarri izango zaigu, seguru”.
Azaroan hasi ziren martxan, euren artean eta Irungo Harrera Sareko zenbait kiderekin biltzen, buruan zituzten ideiei zein forma eman adosteko. Hasteko, abestia grabatzea erabaki zuten, Ordoñezek berak idatzitako doinua baliatuz. Beasainek argitu duenez, musikarekin mezu positiboa bilatu dute: “Doinua tristea eta malenkoniakoa da hasieran, gero esperantza iradokitzen du, eta azkenik askatu egiten da”.
Triunfalismora jo gabe, indartsu bukatzea zen asmoa, esperantza iradoki. Hala esan du Ordoñezek: “Migratzaileek Irunen aurkitzen dutena adierazi nahi genuen. Ez da garaipen bat, zubiaren beste aldera igarotzea ez delako bidearen amaiera. Baina boluntarioen sarearengandik jasotzen duten indarra irudikatu nahi izan dugu, bukaera indartsu batekin, esperantza irudikatuz”.
Aneka grabazio-estudioan ari dira abestia grabatzen, eta ia-ia bukatuta dute prozesua. Aurrena bateria grabatu zuten, baxua ondoren, gitarrak gero, eta, joan den ostiralean, ahotsak. Detailetxoren bat baino ez dela geratzen zehaztu dute, eta horretan ari da Gorrotxategi buru-belarri.
Gerturatzeko pausua
Doinua Ordoñezena bada, letra Oiar Guillanena. Aurretik irundarrarekin lan egindakoa da oreretarra, eta proiektu berrirako deitu zionean ez zuen bitan pentsatu: “Konfiantza osoa dut berarengan. Bihotz ikaragarria duen sortzailea iruditzen zait”. Gaiak ere erakartzen duela onartu du idazleak: “Migratzaileen gaiak barrenak astindu izan dizkit betidanik, eta azkenaldian larriagotu egin da kontua. Kezka eta ezinegon handia sortu dit ikusteak erakunde publikoen aldetik dagoen ardura falta, eta boluntario dabilen jendearen lan itzela ikusita, guk dakiguna eginez nolabaiteko ekarpena egin ahal genuela pentsatu genuen”.
Bertsoetan “bertakoon” ikuspegia islatu nahi izan du eta, ezinbestean, zubiak presente dira: “Zentzu metaforiko batean kontatzen du zeinen garrantzitsua den norbaitengana gerturatzeko lehen pauso hori, keinu hori, topikoa dirudien arren pertsonen arteko zubi hori. Zubiak eraiki egiten dira beti, norberak eraikitzen ditu, ez datoz bakarrik”.
Proiektuari esker, zubi lan hori egitea egokitu zaio Guillani, etorkinengana hurbiltzea. Eta txunditu dutela onartu du: “Entzuten dituzun istorioak, kasuak, sentimenduak, beti dira oso hunkigarriak, eta zinez lazgarriak. Hala ere, harritu nau baita ere alaitasunerako joerak, ikusteak errealitate gordin honen aurrean alaitasuna batzuetan badela jarrera politiko bat, esatea ‘ni hemen nago, pertsona bat naiz, eta zoriontsu izateko eskubidea dut’”.
Boluntarioak eta etorkinak, biak dituzte jomugan proiektuko kideek. Helburua oso argi du Patxuko Ordoñezek: “Gu, dakiguna ari gara egiten, zerbait sortzen bai, baina ez gaude hor egunero. Boluntarioen lana itzela da, horrelako jendea dagoela jakiteak asko betetzen nau, eta nahiko nuke egiten ari garen honek balio izatea lan hori ezagutarazteko”.
Guillanek gaineratu duenez, herritarrei gonbita luzatu, hori ere nahi dute: “Gutxienik egoeraren salaketan ez ezik elkartasunak dakarren alaitasunean ere parte hartzeko. Idealena litzateke ahalik eta jende gehien egitea keinuak publikoki bere modura; adieraztea etengabe ‘inporta zaigu, hau ez da mundu paralelo batean gertatzen ari, gure munduan baizik; hau ez zaie haiei gertatzen ari, gu guztioi gertatzen ari zaigu’. Irunen, Euskal Herrian eta munduan”.
«Honelako proiektu batek lurrera ekartzen zaitu bueltan»
Aitor Vitoria. Zinegilea
Iaz, besteak beste, Dantza eta Agur, Etxebeste film luzeetan lan egin eta gero —zuzendari laguntzailea izan da bietan—, Galiziarako bidea hartu du Aitor Vitoria zinegile hondarribiarrak. Bertan, orain ehun urte gertatutako hondoratze bati buruzko pelikulan lan egingo du. Denboralearen eraginez, 213 lagun hil ziren Salvora irla parean, Amerika helburu zuten migratzaileak denak; irlako bizilagunek 55 pertsona erreskatatu zituzten, itsaso zakarrari aurre eginez.
Hurrengo asteetan burua bi lekuetan izango du Vitoriak, Paula Cons zuzendariaren O Santa Isabel opera priman, batetik, eta Irungo Harrera Sareari buruz Oskar Marcos herrikidearekin errodatzen hasi den dokumentalean, bestetik.
Zergatik erabaki zenuen proiektu honetara batzea?
Egungo gizartean altruismoa gainbeheran doa, eta niri gustatzen zait altruismoa. Denak ordaindua izan behar duela uste dugu. Baina norberaren lanbidean altruismoari lekua uztea inportantea da, ezeren truke gauzak egitea merezi duenagatik. Lanbide honetan urteek eman didaten eskarmentua kausa honen alde jartzeko erabakia hartu nuen, talde honekin zerbait egitea.
Oskar Marcosekin batera ari zara irudiekin, proiektua errodatzen. Zein da zuen helburua?
Egun ezer ez da albiste, ez bada ikus-entzunezkoa. Ez bada grabatua, dokumentatua edo argazkietan jasoa, orduan ez da existitzen. Balio handiegia ematen zaio irudiari. Eta, hori kontuan izanik, zerbait desberdina egin nahi dugu, arazo erreal, arazo sozial larri bati ikuspegi positibo bat eman nahi diogu. Niretzat fikzioa egi batetik gezurra kontatzea da, edo gezur batetik egia, egiak kontatzen dituen gezur bat. Hemen egi bat dago, eta jokatzeko aukera ematen digu, dramaturgia bat sortzeko.
Dagoeneko izan duzu boluntarioen lana ezagutzeko aukera. Zer nabarmenduko zenuke?
Nik gau bat pasatu dut sarearekin, bost bat ordu, gauean egiten duten gautxorien errondan —migratzaileak geltokietan eta zubietan jasotzen dituzte, eta informazioa ematen eta aterpetxeetara laguntzen diete, besteak beste—. Oso polita iruditu zitzaidan, asko hunkitu ninduen, erabat galduta dagoen jendeari modu global eta altruista batetik abiatuta nola laguntzen ari diren ikustea. Antolakuntza perfektua da, jende arrunta baina antolatua da. Eta garrantzitsuena, laguntzeko gogoz ari den jendea da.
Ez da batere ezaguna boluntarioek egiten duten lana. Gutxiago, gauekoena…
Hori da. Arazo bat dago, baina begiratzen baduzu dago arazoa, bestela ez. Proiektu honekin arazo hori ikustarazten saiatuko gara, baita arazo hori konpontzen ari direnen lana ezagutarazten ere.
Zuen lana bereziki errodatzea da. Zein forma izango du gero, zein formatu?
Oskar eta biok hogei urte daramatzagu elkarrekin lanean, pelikulak eta serieak errodatzen, eta une oso onean gaude, konexio maila handiarekin, eta lanerako gogoz. Proiektu honetan, film labur txiki bat grabatzen saiatuko gara, gertukoa, erreala, humanoa… Barruan dugun dena emango dugu proiektu honetan, onena ateratzen saiatuko gara. Forma ematen ari gara, informazioa biltzen, musikarekin, poesiarekin… Oso interesgarria ari da izaten.
Zertarako nahiko zenuke proiektu honek balio izatea? Zer emaitza espero duzu?
Helburua ahalik eta publiko zabalenera iristea da, jakina. Baina pertsonalki, arima garbitzeko ere balio izatea espero dut, gizartearekiko denok daukagun ardura hori nolabait betetzeko. Asko dago egiteko, mundua itsusia da, norabidea galtzen goaz, eta honelako proiektu batek lurrera ekartzen zaitu bueltan, inporta duten gauzen aurrean sentibera egiten zaitu, hunkiberagoa.