Energia aurrezteko eta klima-aldaketaren aurkako nazioarteko egunak gure eskualdean

Udal Taldea EH Bildu Irun

Irungo EH Bildu.- Aurreko astean, energia aurrezteko eta klima-aldaketaren aurkako nazioarteko egunak izan genituen. Bi gaiek, zorionez, sentsibilitate berezia pizten dute gure eskualdean.

Zaldunbordaren makroproiektuaren aurkakotasuna, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Plaiaundiko eremu gero eta hondatuagoan (Natura 2000 sarean barne dagoela) egiten ari diren utzikeriagatik eginiko salaketak, Azken Portun etxebizitzak eraikitzeari herritarren oposizioa, Irun eta Hondarribia artean bidegorri seguruen aldarrikapena, … horrek guztiak pentsarazten digu ingurumen osasungarriarekiko kezkak osasun ona duela gure eskualdean.

Eta sentsibilitate nabarmen horrekin batera, herritarren nahiak asebetetzeko, tokian tokiko udal-politikak egin behar dira. Ahalegin horretan, Irungo EH Bilduk urte asko daramatza udal politika berde ausartak, abangoardistak, proposatzen. 2020 urteko aurrekontu akordioan ere gaia txertatzea lortu genuen, energia agentzia sortzeko oinarriak jarriz. Bide horretan, Energia agentzia sendo bat sortzea proposatzen jarraituko dugu, izan ere, gaur egun, Energiaren Bulegoak ezin du eginkizun hori bete. Lehen urratsa da, zalantzarik gabe, baina tirita txiki bat da elektrizitatearen prezioaren igoerak dakarren odoljarioaren aurrean.

Udal-erakundeek herritarren energia-komunitateak sortzea modu aktiboan bultzatu behar dugu; izan ere, modu garbian sortutako kilowatt bakoitzak, oligopolio energetikoei erosi behar ez diogun kilowatta da eta hori pozteko arrazoia da. Klima-aldaketaren aurkako borrokan eragile aktiboak izateaz gain, oligopolio energetikoek era bidegabean lortutako mozkinak murriztuko ditugulako.

Etiquetas: