Sektoreko langileentzat baldintza duinak bermatzen dituen aurreakordioa lortu du LABek Gipuzkoako grafikagintzan

logotipo

LAB Sindikatua.- Sinatu dugu Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmenaren aurreakordioa. Batetik, sektoreko langileon eros ahalmena bermatzea lortu dugu. Eta hau lortzea ezinbestekoa izan da bizitzaren garestitzea denon poltsikotan sumatzen ari garen honetan.

Eta bestetik, aipatzea merezi duten hobekuntzak ere lortu ditugu; genero berdintasunean aurrera pausuak ematea, lizentzietan bikote konbentzionaletatik haratago, famili eredu ezberdinen kontzeptua txertatzea eta ABLEen bitartez modu prekarioan lan egiteari behingoz mugak jartzea.

Sarritan esan ohi dugu mobilizaziorik gabe ez ditugula edukiak dituzten akordioak lortuko eta sektore honetan ere berresten gara, mobilizazioei esker hitzarmen duina lortu baitugu. Ahalegin handiak egin ditugu gure indarrak hitzarmen duin baten alde biltzeko, 4 egunetako greba eta hainbat mobilizazio burutuz. Eta ahalegin hauek ez dira alferrikakoak izan, bere emaitzak eman dituzte.

Laburbilduz, langile batzarretan berretsi beharko bada ere, honakoa izan da lortu dugun aurre akordioa:

  • Soldatei dagokienez, %4,5eko igoera 2022rako, %ó4koa 2023rako, %2,5ekoa 2024rako eta %2,5ekoa 2025erako. 2026. urteko tauletan soldatak honela eguneratuko dira: urte hauetan izango den KPlaren batuketa eta urte hauetan igotakorena ( %13,5) arteko aldearen portzentaia 2026ko tauletan txertatuz, modu kontsolidatu batean.
  • Berdintasun batzorde bat sortuko da eta honekin batera jazarpen protokoloa jasoko da.
  • ABLE bidezko kontratazioak, gehienez, 6 hilabeteko muga izango du.
  • Heriotza, gaixotasun larria, ospitalizazioa, baita boxetan ingresatzeagatiko kasuetan ere, lizentzia hau hartzeko eskubidea izango da bi urteko elkarbizitzarekin.

Testuinguru sozioekonomiko ziurgabea, lehengaien eta argi indarraren garestitzea edo lan kargen gutxitzea izan dira patronalaren argudio nagusiak negoziazio mahaian aurrera urratsik ez emateko eta prozesua denboran

luzatzen uzteko. Langileok beldurtuta, etsituta eta buru makur nahi gaituzte baina ez dute lortu.

Aurreakordioa langile batzarrek berresten badute, abenduaren 21ean sinatuko dugu hitzarmena.

Etiquetas: