LAB Sindikatua.- LABek bat egiten du Mugak Zabalduz, Pirinioak-Alpeak 2022 Europako eta nazioarteko karabanarekin, eta bertan parte hartzera deitzen du, bereziki uztailaren 15ean eta 16an Irunen eta Hendaian egingo diren jardueretan.
Mugetan eta lurraldeetan gertatzen ari dena guztiz lotsagarria da. Arduradun politikoak ditu eta helburu zehatzei erantzuten die. Hori berresten dute Espainiako eta Marokoko gobernuek sinatu berri duten itunak eta NATOKk ekainaren 30ean Madrilen egindako goi-bileran lortutako akordioek. Gobernu inperialistak eta kapital global korporatiboa elkarlanean aritzen dira. Aukeren bila migratzen duten milaka pertsonen bizitzak potentzien arteko trukerako txanpon bihurtzen dira.
Gotorleku bihurturiko Europa eta Espainiako eta Frantziako gobernuak historiako sarraski odoltsuenetako baten konplize dira. Tarajal gehiago ez, Nador-Melilla gehiago ez, Bidasoa ibaian hildako gehiago ez.
Europako eta estatuetako migrazio-politikak, mugen militarizazioa, migratzaileen oinarrizko eskubideen urraketa, atzerritarrentzako barneratze-zentroen ugaritzea eta elkartasunaren kriminalizazioa goranzko joera global baten parte dira, eta geldiarazi egin behar ditugu. Neo-faxismoak eta eskuin berrituak lekua hartzen ari dira gobernuen diskurtsoetan eta politiketan.
LABek EZ esaten die arrazakeria sozialari, instituzionalari, judizialari eta segurtasun-indarrenari. Erakunde soziosindikal gisa Euskal Herria Harrera Herrian sinesten dugu, eta norabide horretan praxi sindikal antirrazista baten alde lan egiten dugu, pertsona langile eta prekario guztien eskubideak egunero defendatu eta sustatuko dituena, azalaren kolorea edo atzerritarren estatusa edozein dela ere.
Enplegurako eta harrerarako aukera eta baldintza duinak eskatzen ditugu beren bizitzak Euskal Herrian garatzea erabakitzen duten pertsonentzat, eta baita bidaia jarraitzea erabakitzen dutenentzat, bidean hil ez daitezen. Ezetz esaten diogu lrun-Hendaia banatzen dituen heriotzaren muga inposatuari. Azken urtean salatu dugu arraza-profilaren araberako kontrolekin, militarizazioarekin eta itzulketekin gertatzen dena. Harrerako azpiegitura publikoak exijitzen dizkiegu administrazioei.
Mugetan heriotza gehiagorik ez. Pertsonen mugikortasunerako igarobideak eta bide seguruak. Guztientzako aukerak eta eskubideak. Erregularizazioa orain.
Gora herrien arteko elkartasun antolatua. Gurekin ezingo dute!
- Egutegia
- 318 irakurketak
- Castellano