Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren VIII. edizioa martxan da

irudiak

Asun Casasola Ipuin Lehiaketa.- Indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko bokazioz abiatu zen Asun Casasola Ipuin Lehiaketa orain dela bederatzi urte.

Asun Casasolaren borroka eta kemenari aitortza egiten jarraitzeko asmoz, “Asun Casasola Ipuin Lehiaketa”ren edizio berria martxan da. Aurten berrikuntza gisa bi gai izango dira. Gazte kategoriarentzat bat eta helduen kategoriarentzat beste bat.

Indarkeria matxista haurren begiradatik irudikatzeko lanean jarriko ditugu idazle helduak. Nola ikusten dute umeek indarkeria matxista?

Idazle gazteak aldiz, mutilek edo gizonek indarkeria matxistaren aurrean zer egin beharko dutenaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditugu.

Lehiaketaren gazte sail hau bereziki nabarmendu nahi dugu, eta 10-16 urte arteko nerabe guztiei animatu parte hartzera. Geroz eta eskola gehiago dira ariketa honetan gurekin bat egiten dutenak eta hemendik gure eskerrik beroena helarazi nahi dugu.

Bederatzi urteko bide honetan 2500 ipuin baino gehiago batu ditugu eta altxor guzti horiek agertzeko web orri eta bilduma berri batean lanean ari gara. Nahi duenak nahi duenean ipuin guzti horiek irakurtzeko aukera eskainiz. www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean daude eskuragarri.

Lehiaketari hasiera emateko, Argoiak elkartearekin elkarlanean, aurreko edizioetako zenbait ipuinen irakurketa musikatua egingo dugu datorren asteazkenean, hilaren 23an. Arratsaldeko 17.00tan izango da Argoiak elkartearen egoiztan eta ondoren Larrearen luntx bat izango dugu.

Era berean igande honetan, Haurren Eskubideen aldeko nazioarteko Egunean, Igandero ekimenaren programaren barruan, irakurketa txokoa antolatu dugu haurrentzat. Haur literaturaren bidez berdintasunerantz hegan egiteko.

Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu, indarkeria matxistaren aurkako borrokaren aldekoa. Ipuinak euskaraz edo gazteleraz aurkez daitezke, orrialde bakarrean.

Lau kategoria mantentzen ditugu:helduena (bat euskaraz eta bestea gazteleraz), 2006 urtera arte jaiotakoentzat (16 urtetik goraz, beraz); eta gazteen kategoria, (bat euskaraz eta bestea gazteleraz), 2005 eta 2012 urteetan jaiotakoentzat (hau da, 10 eta16 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa).

Sariak

Kategoria bakoitzeko sari bat egongo da.. Helduen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Iruñeako Katakrak liburudendaren eskutik. Gazteen kategoriako irabazleek (bai euskarazkoak eta baita gaztelerazkoak ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko balioa duen liburu pakete bat, hau ere Katakrak liburutegiak eskainita. Liburuek feminismoaren inguruko gaiak jorratuko dituzte.

Epaimahaia

Aurtengo epaimahaia, berriz ere, emakumez osatuta egongo da bere osotasunean.

Helduen kategorian, euskeraz, Yurre Ugarte, Ainahara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain izango ditugu. Kategoria berdinean, gazteleraz, Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen kategorian, euskeraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez izango ditugu, eta gazteleraz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez.

Ipuinak bidaltzeko epeak

Azaroaren 25ean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin batera, zabalduko dugu lanak aurkezteko epea. Parte hartzaile guztiek 2023ko otsailaren 10ra arte izango dute ipuinak aurkezteko. Orduan, epaimahaiaren lana hasiko da. Data horietan sari banaketaren eguna iragarriko dugu.

Ipuinak asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidal daitezke, BDS koop.

Aixin Zolua Ibilbidea, 5 20304 Irun, Gipuzkoa helbideraere bidal daitezke, posta arrunta erabiliz, edo bertan ere utzi daitezke.

Informazio gehiago

Lehiaketaren oinarriak eta jakin beharreko informazio guztia www.asuncasasolaipuinak.eus webgunean dago eskuragarri.

Etiquetas: