Gora herri langileon sua!

Iritsi da maiatzaren lehena, munduko langileok elkar batuta borrokatzeko aukeratutako eguna. Askotan, sindikalisten egun bezala hartu denak, munduko herrialde ugaritan bere esentzia historikoa mantendu du. Euskal Herriko sektore askotan ere, egun honen borroka izaera berreskuratzeko autua nabaria izaten ari da azken urteotan.

Aurtengoan, azken urteotako eraso inperialista eta neoliberalei egingo diegu so. Sistema kapitalista inperialista hetereopatriarkala egurrean ibili da azken hamarkadetan eta 2007ko krisialditik egoera hau gogortzen joan da esponentzialki. Horrela azaldu ahalko ditugu azken urteetako gertakizunak.

Alde batetik, Abya Yalan estatu kolpeekin azken urteetako burujabetzarako apustua kolokan jartzen ari dira. OTANi ezetz esan genion 30.urteurren honetan, asko dira inperialismoak zapaltzen jarraitzen dituen herri langileak. Irak, Afganistan, Libia, Siria, Ukraina, Yemen... Asko dira irekita dituen fronteak. Gainera, hauen ondorio diren errefuxiatuen gaineko zama ez dute beren gain hartzen. Europa “demokratikoaren” benetako izaera agerian utziz.

Bestalde, akordio ekonomikoak egiten dihardute herrialde inperialistek. BRICS-ek duten pisua neutralizatzeko saiakeran, TTIP, Europa eta Estatu Batuen arteko merkataritza libreko akordioaren eta Transpazifikoko merkataritza akordioaren bitartez, beren munduko nagusitasuna mantendu nahi dute. Baina nola ez, herri langileon bizkar gainean zapalkuntzan sakonduz. Inperialismoak estrategia garbia dauka, eta dituen baliabide ekonomiko, militar eta politiko guztiak erabiliko ditu egin nahi hori betetzeko.

Herriok, ez dugu borrokatzea besterik. Inperialismoaren estrategiaren aurrean herri langileok gure estrategia propioa behar dugu, eta hau ezingo dugu garatu herri boterearen eta burujabetzaren bidean pausoak ematen ez baditugu. Antolakuntza ezinbestekoa izango da helburu honetarako, eta gure aldetik behintzat horretan arituko gara.

Suak, gure imajinario kolektiboan hainbat adierazpen ditu. Suak, biltzen gaitu eztabaidara; suak, gure gaitz txarrak erretzen ditu, iraultza usaina ekartzen digu eta gauean argitu egiten gaitu. Sua behar dugu herri langileok sistema kapitalista, inperialista hetereopatriarkala suntsitu eta askatuko gaituen bidea argitzeko. Horrenbestez, herri langileoi borrokatzea dagokigu, dagoenaren aurrean altxatu eta Euskal Herria sozialista eta internazionalista eraikitzea dagokigu. Badugu lana, baina baita konpromisoa ere!

Gora munduko herri borrokalariak!
Gora herri langileon sua!

Etiquetas: