Umeak eta hezkuntza

Ez naiz ni heziketan jantzita dagoen horietakoa, baina ez dut uste oso jantzia behar denik izan zer dagoen ongi eta zer gaizki konturatzeko, eta umeei txiki-txikitatik nolako hezkuntza ematen zaien ikusteko.

Gaur, hondartzarako eguraldia oso ona ez bada ere, jendea hondartzara doa. Irunen autobusa hartu, eta Hondarribirantz noa, mandatu batzuk egin behar baititut. Geltoki batean ume piloa igotzen da, 6-7 urteko neska-mutil, haurtzaindegi batekoak nonbait. Bizpahiru andereño doaz umeekin, eta ingelesez eta euskaraz egiten diete umeei. Harrituta gelditu naiz, uste bainuen euskara eta ingelesa bateraezinak zirela. Edozein hizkuntza bateragarria izateko nahitaez gaztelaniarekin bateratu behar dela uste nuen, euskarak ez duela horretarako balio; hala esate ziguten txikiak ginenean. Ergela izaki.

Hurrengo geltokian beste ume andana igotzen da lehengoen adin berekoak, neska-mutilak, nahasirik hauek ere. Hemen ere bizpahiru andereño. Andereñoek euskaraz egiten diete umeei. Autobusean sartu ahala dakit zein den neska eta zein mutil. Autobusean sartu ahala dakit zaintzaileak emakumeak direla eta ez gizonak. Neska guztiek, andereñoek barne, arrosa koloreko kamisetak daramate, mutilek, berriz, kamiseta urdina daukate, eta nirekiko pentsatu dut: ume horien gurasoek bereizketa hori egitea eskatuko ote dute haurtzaindegian izena ematen dutenean? Eta eskatzen badute ere, ustez heziketarako den haurtzaindegiak onar eta bultza al dezake honelako bereizketarik? Ez ote da errazago, libreago eta hezitzaileago umeak bereizketarik gabe hezitzea. Beharrezkoa al da janzkeran horrelako bereizketa egitea?

Gizarte parekideagoa lortzeko asko falta zaigunaren pentsamenduarekin jaitsi naiz autobusetik.

Etiquetas: