Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekialdebusen egindako murrizketak salatzen ditu LABe

Argazkia

LAB Sindikatua.- Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoa eskualdeko Ekialdebusetarako egin duen azken proposamenean sekulako murrizketak ezarri ditu.

Gaur egun, hiru linea daude Hondarribia eta Irun Donostiarekin lotzen dutenak, E20, E26 eta E27 lineak. Aldundiak E20 eta E26 lineetako ordutegiak murriztu ditu, eta ondorioz, astezken, ostegun eta ostiral arratsaldeetan, ez dute 18:00etatik aurrera zerbitzurik emango.

E20ak Hondarribia eta Donostia lotzen ditu. Bidean, Bidasoa Ospitala, Txingudi Ikastola eta Jaizubia, Urdanibia eta Puiana auzoei zerbitzua ematen die.

E26ak Irun eta Donostia lotzen ditu. Bidean, Bidasoa Ospitala, Txingudi Ikastola, Belaskoenea, Anaka, Gibenaka, Puiana eta Urdanibia auzoei ere zerbitzua ematen die.

Bi linea hauek astelehenik ostiralera ematen zuten zerbitzua. Bizilagunek urteak daramatzate linea hauen maiztasuna handitu dadin eskatzen. Asteburu eta jai egunetan ere zerbitzua egotea eskatzen dute.

Azkenik, E27 linea da asteburu eta jai egunetan Hondarribia eta Irun Donostiarekin lotzen dituena eta Aldundiak, bizilagunen eskariei erantzun eta E20 eta E26aren maiztasuna handitu beharrean, asteburu eta jai egunetan badagoen E27 linea honen maiztasuna handitu du. Azken honek ez die aipatutako auzoei zerbitzuri ematen, eta hori da auzotarren eskaeren arrazoi nagusia. Gainera, bidalaren denbora gutxienez 15 minutuz luzatzen du Hondarribiko erabiltzaileentzat.

Argi ikusten da Diputazioak hainbestetan aipatzen duen garraio publikoaren indartzea ez dela egia. Gipuzkoako garraio publikoaren arduradunek denbora asko daramate murrizketak egiten, adibidez, Buruntzaldea eskualdean gertatutako daukagu gogoan. Oraingoan, hainbat auzo utziko dituzte zerbitzurik gabe asteazken, ostegun eta ostiraletan, arratsaldeko 18etatik aurrera.

LABek gogor salatu nahi du murrizketa hau eta bere aldetik dagoen guztia egingo du auzo hauetako bizilagunek kalitatezko zerbitzu publikoa izan dezaten.

Etiquetas: