Trantsizio ekologiko justua: oligopolio energetikoari ez!

energia burujabetza Sortu Irun

Sortu Irun.- Gogor salatzen dugu Repsol edo Iberdrola moduko konpainia energetiko handien jarduna. Gogor salatzen dugu haien arduradunen harropuzkeria, elkartasun falta eta diruzalekeria. Izan ere, haien asmo bakarra da dirua egitea, kosta ahala kosta. Pobretu egin gaituzte, inozo deitu digute eta ez dute lotsarik esateko ez daudela prest zerga gehiago ordaintzeko.

Zu, irakurle, konturatuko zinen zenbat igo den bizitza oro har, batez ere energia. Bada Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak 4,24 milioi euro irabazi zituen iaz (egunean 11.600 euro) . Eta Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak, 13,2 milioi (egunean 36.160 euro). Ankerra baino ankerragoa da gutxi batzuek gero eta gehiago pilatzen duten bitartean, gehienek gero eta gutxiago izatea.

Kapitalismo basati honek ekarri gaitu amildegira. Beste hamaika krisirekin batera eragin ditu energia- eta klima-krisia. Herritarrok, langileok, pentsiodunok, migratzaileok, gazteok, emakumeok, ez dugu zertan ordaindu.

Asko dago jokoan. Behar-beharrezkoa dugu errotikako aldaketa bat, energia-trantsizio justua eta demokratikoa behar dugu. Horregatik, energia sektorean berehalako esku-hartzea aldarrikatzen dugu, herritarrek eta enpresa txiki eta ertainek energiagatik prezio justua ordaintzeko, gutxi batzuek denon kontura negozioa egitea galarazteko, berriztagarrietan oinarritzeko, CO2 isuriak gelditzeko eta oligopolio handiek nuklearra eta gasa bezalako energiak berdez ez margotzeko.

Bestalde, energia-burujabetza behar dugu, alegia, hemen ekoiztea hemen behar dugun energia. Gaur-gaurkoz energia-inportatzaile hutsak gara. EAEn, %90 kanpotik ekartzen dugu; Nafarroan, %79. Menpekotasun horrek gure herria zaurgarri egiten du, orain ikusten ari garen bezala. Oligopolioen interesetatik at, gure energia beharrak planifikatu eta berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoaren alde borrokatzeko dei egiten dugu. Olatu bat altxa behar dugu. Horrexegatik azaroaren 12an Bilbon EH Bilduk ‘Abante’ lelopean egingo duen manifestazioan parte hartuko dugu.

energia burujabetza Sortu Irun

Etiquetas: