Eraikin berri bat erantsiz Eskualdeko Ospitalea handitzea da arlo kirurgikoa berritzeko irtenbiderik onena

imagen

Osasun Bidasoa Plataforma.- Osasun Sailburuak Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko obren lizitazioa gertu dagoela iragarri ostean, Osasun Bidasoa Plataformak honako hau adierazi nahi du.

Aurrekariak. 2021eko irailean, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak Bidasoako Eskualdeko Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzea erabaki zuen. Horretarako, jarduera kirurgikoa Donostiako Onkologikora eraman beharko zen urte eta erdiz. Proiektua bi argudiotan oinarritzen zen: obrari bi fasetan ekiteko ezintasun teknikoa eta Ospitaleko beste arlo batean ekiteko lekurik eza. Profesionalek eta herritarrek, Osasun Bidasoa Plataforman antolatuta, borroka gogor baten ondoren proiektu hori geldiarazi egin zen. Bestalde, Osasun Sailburuak proiektu berriaren etapak garatzeko profesionalak, erakundeak eta herritarak kontuan hartuko zituela konpromisoa hartu zuen. Konpromiso hori, gaur egun, ez da inola ere bete.

Egungo egoera. Kirurgia-arloko buruei dei zitzaien bloke kirurgikoa berritzearen inguruan zituzten beharrak ezagutzeko. Ondoren, jakinarazi zitzaien ez zela inolaz ere aurreikusten Ospitaleko beste eremu batean obra egiteko aukera (eraikin berria erantsia), baizik eta oraingo eraikinaren bigarren solairuan, duela gutxi berritua. Kokapen honek ondorio ez oso arrazoizkoak izango lituzke, hala nola ospitalizazioko 20 ohe galtzea eta gaur egun bigarren solairuan dauden zerbitzuak modulu aurrefabrikatuetan birkokatu beharra, horrek dakarren gainkostu ekonomikoarekin. Era berean, kontutan hartu behar Ospitalean gutxienez 18 hilabetez obra bat mantentzearen eragozpenak, ondorioak ¡izango dituenak bai pazienteentzati batez ere ingresatutakoentzat, bai laguntzaileentzat eta baita profesionalentzat ere: etengabeko zaratak, obra-hondakinen mugimenduak, hautsa eta abar.

Ez zaie aurkeztu ez profesionalei ez herritarrei lizitatuko den proiektu berriaren ezaugarriak. Beraz, ez dakigu kontuan hartu diren profesionalen eskaerak, ezta arlo berria behar bezain zabala izango den ere beharrak bete ahal izateko.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta Bidasoako ESIko Gerentziak ez dute inoiz jaso nahi izan profesionalek zein herritarrek hasieratik planteatu genuen proposamena, hau da, bloke kirurgiko berria eraikin erantsi batean kokatzea, beste ospitale batzuetan egin den bezala. Argudiatzen dute proiektu hori askoz garestiagoa izango litzatekeela, baina baieztapen hori frogatzen duen zenbaki edo aurrekonturik aurkeztu gabe. Eraikin erantsi bat eraikitzeak, funtzionamendu betean dagoen ospitale batean, obren nahasmendua saihesteaz gain egungo asistentzia-eremu eskasa handitzea ekarriko luke, herritarrei Kalitatezko arreta bermatzeko.

Proiektu berriari buruz dakigunagatik, uste dugu kostu ekonomiko handia izateaz gain ez duela Ospitalea handituko, zeren eta obra beste eremu batzuen kalterako izango baita, preseski Ospitaleko zati modernoenak, eta horrek ekarriko dituen ondorioak herritarren kalterako izango dira.

Bestalde, ez dakigu zer kostu ekonomiko izan duen lehen proiektua geldiarazteak, eta eskatzen dugu arduradunek beren gain har ditzatela gai horren kudeaketa txarragatik erantzukizunak.

Osasun Sailburuak aldez aurretik profesionalekin, erakundeekin eta herritarrekin partekatzeko hartutako konpromisoa bete gabe proiektu berria lizitatzea errespetu falta handia dela iruditzen zaigu profesionalekiko eta herritarrekiko.

Eskatzen dugu proiektu berriaren lizitazioa geldiaraztea eta aukera guztiak baloratzea, profesionalek, udalek eta herritarren elkarteek parte hartuko duten prozesu baten bidez.

Etiquetas: