LAB Sindikatua.- Jakinarazi da Espainiako Poliziaren Buruzagitzak konpentsazio-jaiegunak eskaini dizkiela Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako agenteei, uztailaren 1etik aurrera pertsona migratzaileak atxilotzearen truke.
Geroago, salaketa baten ondorioz, agindu hori baliogabetu zen arren eta sinatu zuen ikuskatzailea espedientatu zuten arren, LABek uste du gertatutakoa salagarria eta oso larria dela.
Euskal Herriko hainbat lurralde eta auzotan, hainbat gizarte-taldek salatzen dituzte polizia-kidegoen praktika arrazistak, sistematikoki oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak, hala nola arraza-profil etnikoagatiko kontrolak eta pertsona arrazializatuen kolektibo ¡jakin batzuek bereziki jasaten dituzten gehiegikeriak.
Gaur ezagutzera eman den albistea lrun eta Hendaia arteko mugan egunero bizi dugun indarkeriaren errealitatearen beste adibide bat da. Adierazpen instituzional hutsak soberan daude, eta benetako borondate politikoa falta da praktika horiek amaitzeko; izan ere, ez dira banakako kasuak, botere publikoek emandako zigorgabetasunean babesten direnak baizik.
LAB sindikatuak irmoki gaitzesten du erakunde publikoek arrazakeria estrukturala sustatu eta saritzea. Izan ere, erakunde horiexek dira eredu izan beharko luketenak oinarrizko eskubideen babesari eta bermeari dagokionez. Era berean, berriz ere eskatzen dugu muga berriro irekitzea eta behingoz amaitzea profil etniko edo politikoagatiko zein arrazagatiko kontrolak nahiz berehalako kaleratzeak. Azkenik, Espainiako poliziak behingoz gure lurraldea uzteko eskatzen du sindikatuak.
- Egutegia
- 16 irakurketak
- Castellano