LAB Sindikatua.- 200 sindikalista baino gehiago bildu dira Oiartzunen, euskal sindikalismoaren berrikuntza prozesuari hauspoa emateko xedez LABek antolatutako Topaketa Sindikaletan.
LABen X. Biltzar Nagusian (2022, Baiona-Miarritze) hartutako erabaki nagusietako bat honako hau izan zen: LAB sindikatu antirrazista bilakatzea. Independentismoan eta feminismoan egin bezala, sindikalismo antirrazistaren garapenean aitzindari izan nahi du LABek.
Biltzar Nagusiko erabaki horren ondotik etorri ziren euskal sindikatu batek egindako 1. Barne Plan Antirrazistaren onarpena eta Idazkaritza Antirrazistaren sorrera (2023ko ekaina). Lau dira LABen plangintzaren ardatzak: kontzientzia sindikal antirrazista sortzea; antolaketa eta funtzionamendua berrikustea; langile migratu eta arrazializatuen errealitateari erantzungo dion ekintza sozio-sindikal antirrazista sustatzea; eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko aldaketa politikoen alde egitea.
Ibilbide horretan sakondu asmo izan dute Topaketa Sindikalek. Goizean sindikalismo antirrazista izan dute hizpide honako lau hizlari hauek: Lucía Mbomio (Madril) kazetari eta ekintzaile antirrazista; Marra Junior (Euskal Herria) Bilboko Mugimendu Panafrikarreko kidea; Pastora Filigrana (Andaluzia) abokatua eta sindikalista, eta Valery Alzaga (AEB) antolatzaile sindikala eta migranteen eskubideen aldeko ekintzailea.
Arratsaldean, berriz, hainbat gairi buruzko lau tailer egin dituzte: Krisi ekosozialari lantokietatik aurre egiteko gakoak; Greba Feminista Orokorra; Ekintza Sindikalerako borroka moldeak, eta borroka sindikalen komunikazio estrategia.
Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen
Topaketa Sindikalen bidez, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa iraunkortzera doa LAB, unean une lan munduan nahiz jendartean dauden erronkei helduz.
Izan ere, 2012ko Biltzar Nagusiaren ondotik, [Bir]Pentsatzen prozesuari ekin zion sindikatuak, eraldaketa sakonen aurrean eredu eta egitasmo sindikala berritzeko asmoz.
Lehen etapa batean, eredu sindikalaren berrikuntzari ekin zion, 2016ra bitartean hainbat barne saio eta hiru jardunaldi publiko antolatuz. Sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzea, sindikalismo feministan sakontzea eta lantokietan ez ezik eremu sozialean antolatzearen beharra izan ziren ateratako ondorio nagusiak.
Bigarren etapa batean, programa sozioekonomikoaren berrikuntzari ekin zion LABek (2019-2021), proposamen berritzaileak eginez: Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza, banaketa hirukoitzerako proposamena (enplegua, zaintza eta ondasunaren banaketa) eta bidezko trantsizio ekosozial baterako batzordeak, besteak beste.